Zapatu arratsaldean, Easo abesbatzaren egoitzan izan ziren Ezoziko Ama Abesbatzako 16 kide, Aitor Garitanoren zuzendaritzapean eta beste bost errefortzurekin, Bergarako orfeoiko kideak, besteak beste.
Hiru kanta antzinako grabatu zituzten, Oi zer egin ote zait, Erraguzu Oh Maria eta Iragan festa (bideoan entzungai).
Kukubiku egitasmoaren baitan Soraluzeko abesbatzak egin duen ekarpena da, hain justu, Soraluzeko abesbatzak antzinako kanta horiek aukeratu ditu aurrera begira abesbatzen errepertorioetan sartzen laguntzeko.
Zatika grabatu zituzten kantak, gero kantak zatirik onenekin osatzeko eta pozik geratu dira egindako lanarekin. Aitor Garitano zuzendariak jakinarazi dienez, federazioko lehendakari eta pianista Amaia Aldalurrek zein teknikariak Ezoziko Ama Abesbatza zoriondu egin zuten esanez euren saioa kalitatezkoa izan zela, “garbia eta polita”.