Edozeinek izan ditzake zailtasun fisikoak zein psikologikoak. Are gehiago, istripu gaixotasun… batek eraginda, edozeini gerta dakioke egun batetik bestera bizimodua aldatzea. Horixe izan zuten abiapuntu barikuan institutuko ikasleek landutako tailerrean, Aniztasun funtzionala eta lan mundua.
Soraluzeko eta Arrasateko musika eskoletako bi ikasle izan ziren gaia lantzeko inspirazio iturri. Bata, Beñat Barrutia Domentx Uzinen ikaslea. Halaber, Barrutia bera izan zen barikuko hizlarietako bat. Lagun izan zituen Ainhoa Urrutia arrasatearra eta Itziar Elizburu soraluzetarra. Oro har, euren ametsei eta zailtasunei buruz, eskolan jasandako jazarpenari, izandako lorpenei… buruz berba egin zieten institutuko ikasleei.
Egoitzan lanean, oposizioak
Adibidez, Beñat Barrutiak kontatu zien Aretxabaletako GRS egoitzan diharduela lanean eta bertan erretiratu nahi duela. Arrasateko Musika Eskolan hainbat instrumentu ikasten dituela eta Arrasateko zartzuelan ere parte hartzen duela. Horrez guztiaz aparte, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin ibili izan da, Porrotxin modura.
Ainhoa Urrutiak zein Itziar Elizburuk, berriz, kontatu zuten biek ala biek oposizioak gainditu zituztela. Orain, Elizburu soraluzetarrak Soraluzeko Udaletxean dihardu lanean eta Ainhoa Urrutiak Gureak-eko tailerrean. Hirurek azpimarratu zuten euren bizitzako momentu onenen artean dagoela orain dauden lekura heldu izana.
Bidean lagun
Tailerra borobiltzeko, laneratzeko bidean aniztasun funtzionala duten pertsonendako dauden aukeren berri eman zieten hiru gazteek soraluzetarrei. Besteak beste, Atzegi, Gureak eta Pauso Berriak moduko egitasmoak azaldu zizkieten, euren ibilbideetan ezinbesteko izan dituzten elkarteak eta ekimenak.
Tailerrean bertan izan ziren Pauso Berriak ekimeneko bi ordezkari, Ane Errasti arrasatearra eta Josu Urbieta azpeitiarra, Beñaten eta Itziarren jarraipenak egiten dituztenak. Tailerrean izan zen, baita ere, Maite Quintanilla Soraluzeko zinegotzia eta besteak beste, hark gazteei azaldu zien Udalak eta Gureak enpresak hitzarmena dutela eta haren bitartez egiten duela lan Itziar Elizburuk Soraluzeko Udaletxean.
Laburbilduz, bada, institutuko ikasleei helarazi zieten mezua izan zen bizitzak aurrera segitzen duela eta gaur egun, guztiondako daudela aukerak, baita lan munduan ere. Horrekin, ikasle askok etorkizunarekiko duten kezka eta aldaketetarako dituzten beldurrak baretzen lagundu zieten. Zeresanik ez, ikasle guztiendako aberasgarria izan zen ikustea dauden aukerak guztien gaitasunetara egokituta, edozein izan daitekeela kapaz dituen zailtasunen gainetik bizitzan aurrera egiteko.