Harreman osasuntsuen gaineko gakoak partekatu zituen Nerea Mendizabalek

Ubane Madera Zangitu 2024ko mai. 3a, 12:05

Atzo, eguena, guraso askoren arreta erakarri zuen Nerea Mendizabalen hitzaldiak, bertan izan ziren Plaentxi Eskolako hainbat irakasle ere. Harreman osasuntsuak lagun artean izenburuarekin, bide horretan seme-alabei laguntzeko gakoetako batzuk partekatu zituen adituak bertaratutakoekin. 

Komunikazio Ez Bortitzeko hezitzaile eta psikopedagogo Nerea Mendizabalek entzuleen zuzeneko partaidetzarekin garatu zuen atzoko hitzaldia. Hizlaria ama ere izaki, bertaratutakoekin enpatizatu eta berehala erakarri zuen haien arreta eta partaidetza. 30 lagun inguru izan ziren bertan. 

Guztien artean, harreman osasuntsu bat zer den adostetik abiatuta, hainbat alor landu zituen adituak, besteak beste, gurasoei begira haiek zelako eta zenbaterainoko parte-hartzea izan behar duten seme-alaben harremanetan.

Hitzaldia Treba Gurasoak egitasmoaren baitan egin da. Bi gai landu dituzte aurten, pornografia eta harreman osasuntsuak, eta, atzokoa izan zen bigarren eta azken hitzaldia.