Oihane Gomez: "Plazer bat izan da Soraluzen lan egitea"

Ubane Madera Zangitu 2024ko api. 30a, 08:33

2022ko martxoaren 7an estreinatu zen Oihane Gomez Dominguez Soraluzeko udaltzain modura. Bera izan da, gainera, Soraluzeko lehen udaltzain emakumezkoa. Bi urte eta bi hilabeteren ondoren, Bergarara lekualdatuko da. Zapatuan izan zuen azkeneko laneguna eta gaur, martitzena, etorriko da lankideei eta lagunei agur esatera.

Bi urte egin dituzu Soraluzen; zelan moldatu zara? 
Nahiz eta hasiera batean erraza ez izan, gaur egun esan behar dut nahiko ondo moldatu naizela. Denborak aurrera egin ahala, herria eta bertako bizilagunak gehiago ezagutu ahala, esan behar dut oso pozik nagoela Soraluzen egin dudan ibilbidearekin.

Hala ere, bazoaz, zergatik?
Ni Soraluzen interino modura ari naiz lanean, ez daukat plaza finkorik, beraz, Bergarako Udaletxeak ateratako oposaketetara presentatu nintzen eta bertan lortu ahal izan dut plaza bat. 

Bergaran zein izango da zure egitekoa?
Bergarara joan baino lehen, 9 hilabeteko formakuntza bat egin eta gainditu beharko dut Arkauteko akademian eta nire egitekoa Bergaran orain arte eginikoa izango da, formakuntza hobeagoarekin: herritarraren zerbitzura ahalik eta modurik profesionalenean egon euren beharrizanak asetzeko. 

Soraluzera etorri zinenean lehen aldia izan zenuen udaltzain modura eta esan zenuen ertzain izatea nahiago zenukeela; hala ere udaltzain segituko duzu. Gustura ikusi duzu zure burua udaltzain modura?
Egia da hasiera batean, Euskal Poliziara sartzerakoan, ertzain izateko pentsamenduarekin sartu nintzela, edo pentsamendu horrekin hasi nintzela oposaketetan parte hartzen, baina, gaur egun egia da printzipioz udaltzain modura jarraitzea gustatuko litzaidakeela. Soraluzen, udaltzain modura eman ditudan bi urte hauek asko balio izan didate. Profesionalek hazteko aukera eman didate eta horri esker ondo etorri zait ere konturatzeko posible dela nire lekua Euskal Herriko udalerri batean egotea bertako udaltzain gisa. 

Baina auskalo non amaitzen dudan, hemen ertzain oso lankide onak ezagutu ditut eta egia da gustura eta plazer bat izan dela haiekin lan egitea. Elkarrekin batera lan bikaina egiten dugu.

Soraluzen bi urtez udaltzain izanda, herria/herritarrak bastante ondo ezagutzeko aukera izan duzu; zer izan duzu gustukoena? 
Egia da bi urte hauetan Soraluzeko jende asko ezagutu dudala. Momentu txarrak eta momentu onak izan dira, baina orokorrean oso pozik nagoela esan behar dut. Uste dut jendeak ere pixka bat ezagutu behar nauela ulertzeko edo konturatzeko laguntzeko gaudela. Askotan gertatu zait bizilagun batekin gaizki hasi gero ondo amaitzeko, halakoak gara.

Esan behar dut oso ongi hartu nauzuela eta egun hauetan oso eskertuta nagoela auzoko batzuengandik iristen zaizkidan hitz onengatik.

Auzokoei eskerrak eman  behar dizkiet askotan euren kolaborazioari esker lana erraztu digutelako.

Soraluzeko lehen udaltzain emakumezkoa izan zara; zentzu horretan, eragozpenen bat izan duzu?
Soraluzeko lehen udaltzain emakumezko izateaz oso harro nago. Herri Eskolako ikasleek esaten didatenean Soraluzen historia egin dudala, benetako poza eta barregura ematen didate.  

Udaltzain baten ikuspuntutik, zein behar nagusi ditu Soraluzek?
Soraluzek herritarrekin konprometitutako udaltzain talde bat behar du.

Soraluzetik zerbait botako duzu faltan?
Ziur nago gauza asko faltan botako ditudala, adibidez, bi urte hauetan Udaltzain modura nigan jarri duten konfiantza, bai herritarrek, nire lankideek eta udaletxeak, batez ere, Alkatetzatik.

Beste zerbait nahi baduzu esan…
Plazer bat izan da Soraluzen lan egitea haientzat eta beraientzat.