Azken denboraldian, aspaldiko partez mugikorrak alde batera laga eta tronpa poltsikoan, hura dantzan jartzen buru-belarri dabiltza Soraluzeko ume mordoa. Eguaztenean, herrian ezagun askoa den munduko txapeldun Jorge Morales etorriko da Iratxo goxo-dendaren eskutik, eta, horren jakitun, boumerang, txakurtxoa, lurreko borrokaldiak… praktikatu eta praktikatu ari dira.
Eguaztenean, 18:00etan hasiko da tronpa txapelketa. Lehenengo, Moralesek erakutsiko du zergatik den munduko txapelduna. Erakustaldia egingo du tronpa nahieran erabiliz eta aho zabalik lagako du ikusle asko.
Segidan hasiko da txapelketa. Parte-hartzaileak adinaren arabera mailakatu eta bakoitzari hainbat ariketa aginduko dizkio Jorge Moralesek. Ondoen egiten dituztenek kanporaketetan aurrera egingo dute finalera ailegatzeraino eta finaletan gailentzen direnek sariak eskuratuko dituzte.