LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA

“0 urtetik abiatuta, ibilbide bat egingo dut adin tarte bakoitzaren arabera aproposenak izan daitezkeen irakurgaiak aztertuz”

Ubane Madera Zangitu 2024ko api. 23a, 13:56

Dorleta Kortazar liburua eskuan.

Dorleta Kortazar ipuin kontalariak ipuin gozagarriak aukeratzen laguntzeko Ipuin bat opari tailer praktikoa eskainiko du gaur Udal Liburutegian. Esplikatu duenez, helduei zuzendutako solasaldia da, haiek umeen eta gazteen irakurzaletasunaren bultzatzaile eta lagun izan daitezen laguntzeko. 18:00etan hasiko da solasaldia eta zaintza zerbitzua eskainiko dute. IzenaHEMEN eman daiteke.

Zein adinetako ume edo gazteen gurasoei edo hezitzaileei zuzendutako tailerra da?
Kontuan hartzen du 0 urtetik aurrera, amaren sabeletik ari garelako gure txikiei ipuinak kontatzen, abesten… Beraz, hortik abiatzen naiz eta ibilbide bat egiten dut adin tarte bakoitzaren arabera aproposena izan daitekeena aztertuz. Hasiko gara haur lo kantetatik, asmakizunak, hitz korapiloak… eta gero liburua objektu bezala dator eta hitz egingo dugu ipuin tradizionalei buruz… Ibilbidea egiten du azaldu nahian zer den ipuin bat kontatzea, gomendio batzuk ere ematen ditut irakurzaletasuna bultzatzeko eta adin tarte bakoitzean liburu gomendioak ere bai, adin tarte bakoitzean irakurzaletasunaz gozatzeko.  

Haurrak eta gazteak eurak joan daitezke?
Helduei zuzendutako solasaldia da, guraso, hezitzaile edo gaian interesa dutenei. Gure inguruan ditugun baliabideak erabilita, irakurzaletasuna bultzatzea du helburu solasaldiak.

Zein irizpideren arabera eskaintzen dituzu zure aholkuak?
Gako horiek emango ditut. Erreferentzia desberdinak erabiltzen ditut, baina blokletan moduan. Adibidez, haur eta gazte literaturan adituak diren profesionalak, mundu horretan lanean diharduen elkarte, erakunde eta pertsonak. Horiek aurkeztea izango da egiteko bat.

Beste erreferentzia bat izan daitezke idazle klasikoak, Beti dira garantia bat. Eurek sortutako lanak gaur gaurkoz oraindik indarrean daude eta horrek erakusten du lan horiek badutela kalitatea bat.

Argitaletxe desberdinak ere landuko ditugu, haur eta gazte literaturan adituak direnak.
Eta norberaren sena eta gustuak ere kontuan hartu behar dira. Gustuko dugun zerbait hobeto transmitituko dugu. Hala, gure liburu kuttunena defendatuko dugu eta hari aukera eman, idazle bat badago gustuko duena, ba arakatu hark idatzitako zer gehiago dagoen publikatuta, zergatik gustuko dugun, bere lan egiteko moduan. 

Ilustratzaile desberdinak ezagutzeko aukera ere izango da eta liburuzainak, liburutegiak ere badira guretzat erreferentzia. Normalean liburutegietan destakatutako apalategietan jartzen diren liburuak zerbaitengatik daude han. Liburuzainarekin edo liburuak erosten dizkiogun dendariarekin gure gustuez-eta berba egiten badugu, apurka-apurka eurak ere joango dira gure gustuak ezagutzen eta erreferentzia bilaka daitezke guretzat.