LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Euskarazko liburuak eta komikiak prezio erdira eskuratzeko azken egunak

Ubane Madera Zangitu 2024ko api. 23a, 09:21

Apirilaren 30era arte, Soraluzeko hiru liburu-dendetan, Iratxon, Estankoan eta Arzelusen dauden euskarazko liburuak eta komikiak prezio erdira erosteko aukera dago. Soraluzeko Udalak eta Udal Liburutegiak elkarlanean bultzatutako Irakurri eta Gozatu kanpainaren baitako ekimena da, euskarazko irakurzaletasuna sustatu eta euskal liburuen edizioari bultzada emateko helburuarekin.

Gaur, apirilaren 23, Liburuaren Nazioarteko Eguna da, aukera paregabea Irakurri eta Gozatu kanpainaren bitartez, euskarazko liburuak eta komikiak erdi prezioan erosteko. 

Apirilaren 2an abiarazi zuten kanpaina hori Soraluzeko Udal Liburutegiak eta Udaleko Hizkuntza Politika Batzordeak elkarlanean. Haren bitartez, Soraluzen erroldatutako herritarrek euskarazko edozein liburu %50eko deskontuarekin lortzeko aukera izango dute herriko liburu-dendetan: Iratxo, Estankoa eta Arzelus. 

Halaber, azken urteko euskal nobedadeen eta gomendioen zerrenda ere argitaratu dute kanpainaren antolatzaileek, hemen klikatuta ikusgai.