Zelan funtzionatuko du Katamarran ume-txokoak?
0-4 urte bitarteko umeak dituzten familiek bazkide egiteko aukera izango dute, 10 euroko urteko kuota ordainduko dute eta txokoko giltzak izango dituzte. Espazioa egongo da 365 egunean irekita, astelehenetik barikura goizez eta arratsaldez, eguerdian tartetxo batez itxita, ondoko lokala brigadakoek erabiltzen dutelako, eta, larunbatetan, igandetan eta jai-egunetan egongo da 09:00etatik 20:00ak arte irekita. Bazkide egin, 10 euro pagatu eta nahi den guztietan erabil daiteke, beti ere, 25 pertsonako aforoa errespetatuz. Joanez gero eta beteta badago, ordubete izango du lehenengo sartu den familiak ateratzeko eta zain dagoenari lekua egiteko. 25 pertsonako aforoa da umeak eta helduak kontatuta.
Ume batekin heldu bakarra joan ahalko da?
Lekua badago ez. Ikusten bada aforoa betetzen ari dela, zentzuzkoena da gurasoetako bat irtetea. Baina tokia baldin badago, familia osoak erabili ahal izango du.
Umearekin joango dena edozein izan ahal da?
Guraso, tutore legala edo umeaz arduratzen dena. Familia egingo da bazkide. Joango dena giltzarekin doa, espazio konpartitu batera eta materiala ez da gurea, beraz, erantzukizuna ere badu. Bazkide bakoitza izango da erantzule erabilpen egokia egiteaz.
Baina anaia-arreba nagusiagoak ere joan ahalko dira?
Bai. Guraso asko daude bakarrik egoten direnak bi umerekin eta biak eraman ezean, azkenean ume bat bera ere ez luke eramango. Gune hezitzailea izan nahi badu, kontziliazioa bermatu beharko du. Beraz, erabaki genuen joaten lagatzea, baina beti ere, handiagoek txikiagoen jolasak eta erritmoak errespetatuz.
Esplikatu duzue 10 euroko kuota ez dela eragozpen izango ordaindu ezin duenarendako.
Saiatu gara kuota asekiblea izaten familia guztientzat eta gero kasuan kasu begiratuko da.
Gune hezitzailea izango dela ere esan duzue; zein zentzutan?
Bertan erabili nahi ditugun balioak hezitzaileak dira. Adibidez, da umeekin jolasteko eta eurekin gozatzeko espazioa, materiala eta espazioa ere da umeen etapa desberdinak errespetatuko dituena eta mugimendu askea bultzatuko duena. Da umeak familiekin batera egoteko lekua. Adibidez, uste dugu pantailak eta mugikorrak ez direla hezitzaileak eta hortik kanpo egon beharko dira.
Tailerrak egiteko aukera aipatu duzue aurkezpenean.
Bai. Asmoa da elkartea osatzean tailerrak-eta egiten hastea. Izen-ematean badago galdera ea hezkuntzaren eta zaintzaren inguruko zein gai iruditzen zaion norberari lantzeko interesgarria. Herriko eragile bat gehiago izan daiteke, hezkuntzaren eta familiaren inguruko gaiei lotutakoa.
Izan daiteke ere herriko umeak eta familiak euren artean elkar-ezagutzeko lekua, ezta?
Bai, egin dugu ahalegin berezia, batez ere gaurko saioari eta ate irekiei begira; saiatu gara apurtzen gure eguneroko taldeak komunitatea osatzeko, lekua egiteko herriko jende guztiari, ahalik eta anitzena izateko. Karteletan-eta, adibidez, bost hizkuntza erabili ditugu komunikatzeko.
Hainbat eredu aztertu dituzue Soraluzekoa sortzeko…
Bai. Hartu dugu bakoitzetik komeni zaiguna. Ondarroakoak dauka hemengoaren antzerako aforoa eta bertan bizi den ondarrutar batek egin ditu honako ekarpenak. Dena den, Ondarroakoa hemengoa baino handiagoa da. Bergarakoak Udalarekin dauka erabateko lotura. Ondarroakoak duena txikiagoa da. Usurbilekoaren atzetik guraso elkartea dago.
Zelan eta non eman ahalko da izena?
Izen-emate orria bete beharko da Udaleko harrera bulegoan edo online egongo den galdetegia beteta. Bihar (eguena) jarriko du Udalak online izena emateko bidea. Edozein zalantza argitzeko hona idatz daiteke: katamarranumetxokoa@gmail.com.