Dagoeneko pare bat aldamio jarrita daude Ezozibideko goiko aldeko atarietan, inguru hartan abiatzear dauden obren seinale. Hain justu, batetik, 20. ataritik 32. atarirainoko etxeetan, ibaira ematen duten fatxadetan igogailuak jarriko dituzte, bizilagun guztien irisgarritasuna bermatuz.
Bestetik, etxe berberak inguratzaile termikoz babestuko dituzte, haiek energetikoki erangikorrago bilakatzeko.
Aurreikuspena da obrek 18 hilabete irautea. Lehenengo, errepide aldera hasiko dira lanean eta lan horiek bukatu ondoren, ibaira ematen duen aldera pasako dira obrak. Hori egiten dutenean, alegia, ibai aldera pasa, auzoaren urbanizazioa berritzeko lanak hasiko dituzte Ezozibideko errepide aldean. Aurreikuspena da datorren urte hasiera inguruan izango dela hori.
3.655.455,24 euro dirulaguntzetarako
Ezozibidea Berritzen proiektuaren baitan egingo dituzte obra horiek guztiak. Ekimen hori Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta egingo da. Hain justu, Jaurlaritzak 5,84 milioi euroko partida onartu zuen Soraluzerako, Ezozibidea auzoa modu integralean eraberritzeko.
Proiektu horren baitan, hiru jarduera nagusi aurreikusi zituzten: auzoa urbanizatzea, auzoko etxeak energetikoki eraginkorrago zein irisgarriago bilakatzeko jarduerak eta SAPAko lehen pabiloiaren birgaitzearen zati bat. Horrez aparte, partida txiki bat bideratu zen Kalebarrengo lokalaren obretara.
Ezozibidea Berritzen proiektuaren finantzazioari dagokionez, Jaurlartizaren 5,8 milioi eurotatik 880.000 euro izango dira auzoa urbanizatzeko eta 3.655.455, 24 euro bideratuko dituzte bizilagunen dirulaguntzetarako. Beraz, Ezozibideko 10 atarik izan dute Ezozibidea Berritzen egitasmoan parte hartzeko eta azkenean, bost komunitatek erabaki zuten aurrera egitea.