Datorren astean, herriko pentsiodunek eta erretiratuek badute zer aukeratu, Itxaropena Erretiratuen Elkartetik bi ekimen esanguratsu antolatu baitituzte.
Batetik, urtero egiten dute hainbat egunetako irteera eta datorren astean tokatzen da hori. Oraingoa Asturiasera egingo dute; astelehenean, apirilaren 22an, 08:00etan abiatuko dira 43 lagun Asturiasen hiru egun pasatzera.
Gaurtik eman daiteke izena
Bestetik, urteroko ohiko bazkariez aparte, aurten beste bat eskainiko die bazkideei Itxaropenako Zuzendaritzak. Bazkari hori datorren astean izango da, kasu honetan, apirilaren 23an martitzena, egun horretan bingoa egoten dela kontuan hartuta.
Honako menua izango dute: marmitakoa, ogia eta edariak eta postrea eta kafea. Izena emateko epea gaur bertan, martitzena zabalduko dute, gaur arratsaldean bingoa dagoela baliatuta.
Elkarteko zuzendaritzak aurreikusi du 75-80 bat lagunek parte hartu ahal izango duela bazkarian, igogailu berriaren ondorioz, elkarteko espazioa berregokitu egin behar izango baitute. Bazkaria doan izango da eta parte hartu nahi dutenen izenak hartuko dituzte dagoen lekua bete arte.
Itxaropena Erretiratuen Elkarteko zuzendaritzatik esplikatu dutenez, datorren asteko bazkaria ekimen berria da. Ikusi dute halako ekimenak antolatuz gero, jende gehiago etxetik irten eta animatzen dela bertaratzera, batik bat, bestelako herrikideekin egoteko eta hori bultzatu nahian antolatu dute bazkaria.