Debabarrena Gourmet: gutiziazko zazpi menu bailarako zazpi jatetxetan

Egoitz Unamuno 2024ko api. 13a, 10:00

Asteazkenean aurkeztu zuten Mutrikun Debabarrena Gourmet ekimen gastronomikoa. Apirilaren 22an hasi eta maiatzaren 5era bitartean, bailarako zazpi jatetxek zazpi menu berezi eskainiko dituzte. Tartean da Soraluzeko Txurruka jatetxea ere. Argazkietan aurkezpena eta bertan parte hartu zuten sukaldariak. 

Mutrikuko Arkugain arrantzaleen elkartean eta aditu eta influencer gastronomikoen aurrean aurkeztu zuten eguaztenean Debabarrena Gourmet, "bailaran erreferente diren sukaldarien elaborazio bikainak" ezagutarazi nahi dituen ekimen gastronomikoa. "Ez da Tripontzia, hau beste gauza bat da, beste merkatu bati zuzendua", zehaztu zuen Debegesako Aitziber Kortazar Turismo saileko arduradunak.

Zazpi menu, zazpi jatetxetan

Apirilaren 22an hasita, maiatzaren 5era bitartean, zazpi dastatze-menu berezi eskainiko dituzte bailarako zazpi jatetxetan: Soraluzeko Txurrukan, Ermuko Mendiolan, Eibarko Baratze Gourmeten, Elgoibarko Belaustegin, Itziarko Kanalan, Mutrikuko Piperren Txokoan eta Pikuan. 

Bi aste horietan, jatetxe bakoitzak diseinatu duen menua eskainiko du, zazpi platerez osatua: aperitiboak, bi hasierako, bi plater nagusi (haragia eta arraina) eta bi postre. Guztia, 60 euroren truke. Ogia eta kafea ere menuan sartzen dira, baita ardoa ere: Viuda Negra Las Levantadas ardo zuria eta Q de Quintano ardo beltza eta txakolina. 

Menuetako platerak gutiziak izango dira. Esate baterako, dastatu ahalko dira zigala arroz melosoa koral gorriarekin eta erreboiloa parrillan txakolin errearekin. Zazpi menuak ikusgai daude DebabarrenaTurismo webgunean. 

Erreserba bidez

Otorduez gozatu nahi dutenek jatetxera bertara deitu behar dute erreserba egiteko, adieraziz Debabarrena Gourmet menua dastatu nahi dutela.