Plaza Berrian jai-giroa jarri zuen Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolaren aurkezpen ekitaldiak eta giro horretan esplikatu zituzten eskola berri horren gaineko nondik norakoak. Proiektuaren sorkuntzan eta lanketan parte izan diren hamar emakumek azaldu zituzten xehetasunak, tartean udal ordezkariak ere bazirela.
Atzoko aurkezpenean esplikatu zutenez, 2022ko martxoan hasi zuten Ahalduntze Eskola sortzeko prozesua, herriko hainbat talderekin zein eragilerekin elkarlanean. 2023an lanean segi eta “bileraz bilera, Ahalduntze Eskolaren talde eragilea sortzen eta forma hartzen” hasi zen, atzoko aurkezpenera iritsi arte.
Erreferentzia-gunea izan nahi
Xehetasunen arabera, eskola berri horrek topaketarako, saretzeko, partaidetzarako… erreferentzia gune izan nahi du: “Soraluzeko Emakumeon Ahalduntze Eskola topaketarako, ikaskuntzarako, hausnarketarako eta prestakuntzarako gune bat da, emakumeen* ahalduntzea eta partaidetza soziopolitikoa bultzatzeko helburua duena. Erreferentzia-gunea izan nahi du, non bizipenak, ezagutzak eta jakintzak partekatzen diren, Soraluzeko emakumeen artean sareak eraikitzen diren eta beharrezko tresnak eskaintzen diren, hainbat tailer eta ikastaro bidez, gure errealitate zehatza ikuspegi feministatik aztertzen eta zalantzan jartzen joateko, beharrezko aldaketak eraginez, jendarte bidezkoagoa, anitzagoa eta inklusiboagoa lortzeko”.
Ikastaroak xeheago
Behin eskola aurkeztuta, eskolan egingo den eegitaraua aurkeztu zuten. Apirilaren 23an hasiko da, sormen tailer batekin eta ekainaren 27an bukatuko da, emakumeen arteko topaketa batekin. Erdian, zaintzari buruzko hitzaldi zikloa (maiatzaren 21ean) eta autodefentsa feminista tailerra (ekainaren 15ean) izango dira.
Sormen tailerrari dagokionez, Emakumeon Sormen Akelarrea izenburua jarri diote. Sormenari buruzko tailerra izatea aukeratu dute, berriz, “Emakumeok elkartu, ahaldundu eta gozatzeko aitzakia ezin hobea eskaintzen” dutelako “akelarrek. Eta beste guztiaren gainetik, autoestima lantzeko konfiantzazko espazio seguruak sortzea beharrezko ikusten” dutelako. Sormen tailerrean hiru saio egingo dituzte, apirilaren 23an, 30ean eta maiatzaren 7an, hurrenez hurren.
Zaintzari buruzko hitzaldi zikloari dagokionez, berriz, bi hitzordu izango dira haren baitan, maiatzaren 21ean, "Ez dadin bizitza eten" liburuaren aurkezpena Miren Arangurenen eskutik eta Kontuz zainketekin! lanketa, Liz Quintanarekin eta Txefi Rocorekin. Kasu horretan, zaintzen gaia lantzea erabaki dute Euskal Herrian azkenaldian hizpideetako bat horixe delako. Horren isla aurten Azaroaren 30eko greba egiteko arrazoia zein Martxoaren 8ko aldarrikapen nagusia zaintzak izan ziren. Datu modura, gogora ekarri zuten “zaintza lanak gaur egun, %90ean emakumeen bizkar gainean” daudela eta azpimarratu zuten “egoera horrek hausnarketa sakona” eskatzen du.
Autodefentsa tailerra ere izango da, ekainaren 15ean Emagin elkartearen eskutik. Atzo esplikatu zutenez, hura antolatzeko arrazoiak dira “egunero jasaten ditugun eraso sexistei” erantzun bat ematea. “Emakumeon kontrako indarkeria sistema patriarkalaren metodoa da (…) baina adibide bortitzok izerbergaren punta baino ez dira, indarkeria matxistak beste mila modutan eragiten digu-eta.
Azkenik, Emakumeon* eskolaren lehen egitaraua borobildu nahi dute Soraluzeko Emakumeen arteko topaketa bat eginez. Ekainaren 27rako jarri dute hitzordua eta herriko emakume guztiak gonbidatu zituzten parte hartzera, elkar ezagutzeko, elkarrekin berba egiteko eta batez ere, elkarrekin ondo pasatzeko.
Egitarauari buruzko eta ekintzetan parte hartzeko izen-emateari buruzko xehetasunak Soraluzeko Udalak argitaratutako artikuluan aurki daitezke.
Aurkezpen ekitaldia dantza, kantu eta musika artean bukatu zen, Alarma Morea taldearen eskutik.