Atzo zabaldutako izen-ematean bertan adierazi beharko du bakoitzak zer nahi duen izan danborradan. Antolatzaileek esan dutenez, aukera bat baino gehiago dago markatzeko eta gero aldaketak egon daitezke, beharren arabera.
Danborradan danborra/barrilak jotzen parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa da eta 14koa, berriz, gremioetara sartzeko, desfilatzera.
Antolatzaileek gogora ekarri dute eskopetero izateko arma lizentzia behar dela. Baina gaineratu dute gainontzekoan badaudela beste hainbat gremio parte hartu nahi dutenen guztientzat.
Esandakoaren arabera, desfilatzen barik antolaketan laguntzeko prest daudenek ere zabalik dituzte ateak.
Beteranoei eta berriei gonbita
2018an egin zen azkenekoz Nagusien Danborrada Soraluzen, urtetan lanean ibili zen antolaketa taldeak erreleborik ez zuelako. Orain bai, azaldu da erreleboa, hiru lagunek hartu dute lan hori iazko maiatzetik eta aurten danborrada egiteko esperantzatsu dira.
Diotenez, kalean jende askok galdetu diete izen-emateari buruz eta horregatik zabaldu dute dagoeneko horretarako aukera, nahi dutelako ikusi zenbat jende dagoen danborradan parte hartzeko gertu, gero hori guztia ondo antolatu ahal izateko. Esan dutenez, danborradako beteranoekin ere egongo dira, haiek parte hartzera animatuz eta jende berriari ere zabaldu nahi diote horretarako aukera.
Jantzi, barril, danbor eta bestelako guztiak prest dituzte. Jendearen zain izango dira orain.