Soraluzen jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen faseko azken saioa

Egoitz Unamuno 2024ko api. 8a, 18:15

2019ko kanporaketa Mutrikun, tartean, Eneko Beretxinaga. Argazkia: Xenpelar Dokumentazio Zentroa.

Gaur goizean iragarri dutenez, apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoa Bertsotan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea Eskoriatzan eta ekainaren 2an, berriz, sailkapen faseko azken saioa jokatuko dute Soraluzen. Tartean, apirilaren 26an, Eneko Beretxinaga plazentziatarrak kantatuko du Zestoan

Hastear da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen fasea. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, apirilaren 25ean hasiko da eta ekainaren 2an amaituko. Bitartean, 20 saio jokatuko dituzte 74 bertsolarik eta ostean, guztietatik hogeita hamalauk lortuko dute txartela udazkenean abiatuko den herrialdeko txapelketan kantatzeko.

Eneko Beretxinaga Zestoan

Sailkapen fasean kantatuko duten bertsolarien artean plazentziatar bat dago: Eneko Beretxinaga. Beretxinagak apirilaren 26an kantatuko du Zestoan, sailkapen faseko lehenengo bueltan.

Azken saioa Soraluzen

Horrez gain, antolakuntzak jakinarazi duenez, sailkapen faseko azken saioetako bat (bigarren bueltakoa), Soraluzeko Antzokian jokatuko da, ekainaren 2an. 

Sailkapen faseko saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko,  bertsosarrerak.eus atarian. Informazio gehiago Gipuzkoa Bertsotan webgunean.