Duela bi hilabete, ekin zioten udaleko ordezkariek eta guraso talde batek 0-4 urteko umeendako espazioa diseinatzeari, eta gunea egokitzeko lanak aurreratuta, datorren asterako, batzar informatiboa eta ate-irekiak deitu dituzte lehenik eta behin gurasoei planteamendua aurkezteko eta ondoren, gunea bertatik bertara ezagutzeko aukera emateko.
Martitzenean, batzar informatiboa
Apirilaren 16an, martitzenean, arratsaldeko 18:00etan, batzar informatiboa egingo dute Tolarekua aretoan (kiroldegian) eta antolaketa errazte aldera, aurrez izena emateko eskatu dute (HEMEN). Bileran, aldi bereko itzulpena izango da eta baita umeendako zaintza zerbitzua ere.
Barikuan, Ate irekiak
Apirilaren 19an, barikuan, berriz, Ate irekiak egingo dituzte 16:00etatik 20:00etara bitartean, espazioa kokatuko den Etxaburueta kaleko lokalean bertan (jubilatuen egoitzaren alboan).
Zabalik 365 egunetan
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, zabaltzen denean, espazioa 0-4 urte bitarteko haurrek erabili ahal izango dute, guraso edo heldu batek lagunduta, noski, jaiotzen direnetik lau urte bete arte, urteko 365 egunetan. Horretarako, ezinbestekoa izango da izena ematea eta horrekin batera, zehaztu dutenez, udal-zerbitzua izango den arren espazioa familiek kudeatuko dute elkarrekin: haurren jolaserako espazioa, helduentzat formakuntza eta tailerrak antolatzeko gunea eta aukera izango da “elkarrekin adostutako beste hainbat kontu martxan jartzeko" ere. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi daiteke ondorengo e-postara: katamarranumetxokoa@gmail.com.