Plazentziatar askoren imajinarioan, Gaztetxea punkaren eta metalaren etxea da. Izan ere, 80ko eta 90ko hamarkadetako taldeek arrasto handia laga zuten eta iraganari begira jarritakoan, sarri aipatzen dira hainbat talde mitikok eskainitako kontzertuak: RIP, Cicatriz, La Polla, Die Tester, SuTaGar… Imajinario horrek bizirik jarraitzen du.
Antolatzaile taldea
Duela urtebete, punk eta hardcore musika gustuko duten herritar batzuk elkartu eta kontzertuak antolatzeari ekin zioten. “Guk duela urte batzuk Gaztetxean pasatzen genuen egun guztia eta itxita ikusteak demaseko pena ematen zigun. Gainera, orain, Gaztelupea ere itxita dago. Arranoa da musika alternatiboko kontzertuak antolatzen dituen leku bakarra. Gaztetxea herriaren erdian dago eta potentzial handia dauka. Guk nahi duguna da Gaztetxea mugitzea eta musika antikomertziala bultzatzea, alternatiba bat eskaintzea beste tabernetan dagoenaren aurrean”, azaldu dute.
Ainhoa, Jone, Enara, Urres, Erik, David, Urko, eta Sabin dira antolatzaile taldea osatzen dutenak: “Batzuk arduratzen dira janaria prestatzeaz; Davidek kriston paella begetarianoak preparatzen ditu (barreak). Beste batzuk sarrerak saltzen dituzte eta beste batzuk txandak egiten dituzte barran. Teknikaria ere badaukagu, Alex eta kartelak Ainhoak diseinatzen ditu”.
Punk, hardcore, oi, rap…
2023ko otsailean antolatu zuten lehen kontzertua eta harrezkero, urtebetean, zortzi kontzertu antolatu dituzte, punk, hardcore, oi, rock, rap estilokoak: “Bergaratik, Arrasatetik, Bilbotik, Kataluniatik… etorri izan dira. Laster Alemaniatik dator talde bat eta badakigu biratxo bat antolatzen dihardutela Gaztetxeetan. Hasieran gure lagunak ekarri nahi genituen eta berehala sartu ginen dinamika baten non kalendarioa betetzen zen kontzertu gehiagorekin. Azkenean erabaki dugu hilean kontzertu bakarra antolatzea”.
Momentuz, sarrerak salduta ateratzen duten diruarekin ordaintzen diete taldeei: “Talde batzuek ez dute nahi izaten dirurik eta afariarekin konforme izaten dira. Hori bai, afaria denei ematen diegu eta trago batzuk ere bai. Esaten digute oso gustura egoten direla eta berriz etortzeko desiratzen daudela”. Gainerakoan, ateratzen den guztia zuzenean Gaztetxera bideratzen dugu, Gaztetxea konpontzeko.
Herritarren aldetik ere, orokorrean, harrera ona jaso dute: “Askotan taldeekin batera, lagunak ere etortzen dira eta normalean herriko jendea ere hurreratzen da. Gure kontzertuetan jendea pozik egoten da eta asko eskertzen digute Gaztetxea zabaltzea”.
Ateak zabalik
Azken hilabeteetan proposamen asko jaso dituzte taldeak ekartzeko eta hiru lagun gehiago batu dira antolatzaile taldera. Ateak zabalik dituzte: "Baldin badago baten bat talde bat ekarri nahi duena gu zabalik gaude taldean hartzeko. Filosofia da kontzertu denak denon artean antolatzea, elkarri lagunduz".