Otsailean aurkeztu zuten Donostian Oporrak Bakean programa, euskal familiei ume sahararrak hartzeko gonbitea eginez. 'Uda bateko besarkada' leloa aukeratu dute aurten eta helburua da iaz baino haur saharar gehiago ekartzea. Horretarako 300 familia behar dituzte baina antolakuntzatik jakinarazi dutenez, oraingoz, 25 familiak besterik ez dute eman izena.
Antolatzaileek azaldu dutenez, errefuxiatutako sahararren bizi-baldintzak gero eta larriagoak dira- Munduko Medikuak erakundearen arabera, ohiko osasun-arazoez gain, hiru haur sahararretik batek bakarrik jasotzen du hazkuntza egoki bat izateko behar duen dieta. Hain zuzen, egoera hori arindu eta umeei bi hilabeteko (uztaila eta abuztua) arnasgune bat eskaintzea da Oporrak Bakean programaren helburua. Ekimena, 30 bat elkarteren eta erakunde publiko ugariren artean kudeatzen dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Interesa duten familiek Oporrak Bakean ekimeneko kideekin jarri behar dute harremanetan, oporrakbakean@gmail.com emailera idatziz edo ondorengo telefonora deituz: 696 014 786 (Gipuzkoa). Informazio gehiago behar izanez gero, www. oporrakbakean.eus webgunea kontsulta daiteke. Izena emateko epea apirilaren 15era arte izango da zabalik, HEMEN.
Oporrak Bakean 2022 Aurten bai! from Euskal Fondoa on Vimeo.