“Oso pozik” daude Zaporeak ekimenekoak aurten Greziako kanpalekuetara bidaltzeko Soraluzen batutako arroz kopuruarekin. Antolatzaileek esan dutenez, “herriko dendek asko lagundu dute, batez ere, Kooperatibak eta Amparok. Eskolan, ordea, aurreko urteetan baino askoz gutxiago batu da”.
Edozelan ere, emaitza orokorrarekin pozik daudela azpimarratu eta jakinarazi dute bihar, eguaztena, eramango dutela Debabarrenean batutako guztia Eibartik Donostiara, eta, datozen egunotan bidaliko dela guztia Greziara kamioi bidez. Esan dutenez, garraioak bakarrik 8.000 euro inguru balio ditu.
Sari bikoitza
Hain justu, hori ordaintzen laguntzeko errifak ere saldu ziren eskualdean, Soraluzen 250 errifa, eta, horietako sari bikoitz bat Soraluzen tokatu da, Maite Zangituren artelana eta Salegi jatetxean afaria. Azken horrekin lotuta, irabazleak berak deitu behar du Salegi jatetxera eta errifa gorde, afari-egunean eskatu egingo baitiote; halaber, afarira joaten denean emango diote Maite Zangituren artelana. 437. zenbakia da sariduna.
Azkenik, esan, aurtengo kanpaina borobiltzeko, gaur, martitzena, 18:00etan, ekitaldia egingo dutela Eibarren, besteak beste, eskualdeko udaletako ordezkariak bertan direla. Soraluzetarrak ere gonbidatuta daude bertaratzera.