Hasi da Greziako errefuxiatuen aldeko elikagai bilketa

Ubane Madera Zangitu 2024ko mar. 19a, 09:45

Atzo, astelehena, hasi zen Greziako errefuxiatuen aldeko elikagai bilketa, Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak bultzatuta. Debabarren osoan egingo da eta herri bakoitzean, elikagai jakin bat batuko dute. Soraluzen, arroz luzea. Atzo, Gaztetxeko atarian jarritako mahaian batu zituzten aurrenengo poltsak. Gaur, bihar eta barikuan ere izango da horretarako aukera, 17:30etik 19:30era (barikuan 18:30ak arte) Gaztetxeko kanpoko aldean. 

Gaur, bihar eta barikuan, Gaztetxearen atarian arroz luzea batzen jardungo dute hainbat herritarrek, arratsaldeetan, Zaporeak Gobernuz Kanpoko deialdiari erantzunez. Horrekin batera, Plaentxi Eskolako ikasleek gonbita dute arroza ikastetxera eramateko. Arroza emateaz aparte, diru ekarpena ere egiteko aukera ere badago, batutako elikagaiak Greziara eraman ahal izateko finantziazioa ere behar baita. 

Soraluzen moduan, elikagai bilketa egingo da Debabarreneko herri guztietan: arroz biribila Ermuan eta Deban; makarroia Mallabian eta Mendaron; dilista pardina Eibarren; txitxirio pedrosillanoa Elgoibarren; arroz luzea Soraluzen eta kontserbako arraina Mutrikun. 

Jasotako guztia Lesboseko kanpamentuetan dauden errefuxiatuei jaten emateko erabiliko du Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Ekimenaren antolatzaileek esan dutenez, hango egoera okerrera doa Gazako gatazkak eraginda, Palestinako errefuxiatuak ere bertara heltzen hasi direlako. 

Tupper solidarioa

Elikagai bilketaren ondotik, proiektuaren bigarren fasea egingo da, martxoaren 23an, Eibarko Errebal plazan (iaz Ermuan egin zen). Egun horretan "tupper solidarioa" ekintza burutuko da 14:00ak eta 15:00ak bitartean, eta parte hartzen duten guztien artean artelanak eta bazkariak zozketatuko dira. Informazio gehiago jasotzeko, zaporeak.eus webgunera jo daiteke.