Joan den asteko martitzenean egin zuten Soraluzen Denon Kaleak prozesuaren lehen saio parte-hartzailea. Lehenengo, prozesuaren nondik norakoak azaldu zituen Projekta Urbes arkitekto-taldeko Patxi Galarraga Aiestaran arkitektoak.
Herriko leku onak birpentsatzeko proposamena
Segidan, biharko saioari begira, proposatu zuen herriko espazio publiko gustukoenak aintzat hartu, eta, genero ikuspegitik zein ikuspegi sozial inklusibotik begiratuta, espazio horietarako aldaketak edo hobekuntzak pentsatzea, biharko saioan partekatzeko. Horretarako, honako galderari erantzuteko proposamena egin zuen: Zeintzuk dira Plazentziako leku onak?
Arkitektoak azaldu zuenez, kaleak, plazak eta oro har, espazio publikoak genero ikuspuntutik begiratzeak oso bestelako ikuspegia eskaintzen du, “begirada konpletoagoa, (…) azken batean, fokua beste nonbaiten jarrita, beste errealitate batzuk azaleratuko dira (…) genero ikuspegiarekin gehiago hurbiltzen zara errealitatera”, esan zuen Galarragak.
Mugikortasuna, erosketak, garraioa…
Adibidez, esplikatu zuen genero ikuspegiak aintzat hartu dituela espazio publikoetan zaintza lanek (umeak hara edo hona eramatea, erosketak egitea, garraio publikoa erabili beharra, parkeetan egotea…) eskatzen dituzten desplazamenduak edo zerbitzuak ere txertatzea, aintzat hartzen dituela irisgarritasuna, mugikortasuna, ongizatea, puntu ilunak…
Hain justu, Galarragak proposatu zuen biharko saiorako honako zortzi puntuak kontuan hartuta aztertzea norberak nahi duen herriko leku gustukoena:
- Erasoekiko segurtasuna (inguru guztia ondo ikustea, norbera ikusia izatea…).
- Arriskuekiko babesa (trafikoa, batik bat, egoeraren pertzepzioa desberdina da gizona izan, gidaria izan edo umea izan, adibidez).
- Irisgarritasuna (Euskadin desgaitasuna edo zailtasunak dituztenen 3tik 2 emakumeak dira, adin handiagoa hartzen baitute; Galarragak azpimarratu zuen Soraluzen igogailurik gabeko %58,4 etxebizitza daudela eta hori muga handia dela nagusiendako, bakardadea ugaritzen duela, pertsonak autonomia galtzen duela… “Diputazioari garestiago ateratzen zaio pertsonak egoitzetan izatea etxe baten igogailua jartzea baino (…) Norbaitek etxeetarako igogailuak osorik ordaindu beharko lituzke”, esan zuen).
- Mugikortasuna (batik bat nola lortu beharrezkoak ez diren kotxez egiten diren desplazamenduak kentzea, eskolarako asko, adibidez).
- Ongizatea (osasunaren ikuspegitik non irabazten den, bizi ohitura osasuntsuak bultzatzeko entornu egokiak behar dira; adibidez, bidegorri bat zabaltzen denean, jendea paseatzera ateratzen da).
- Elkarbizitza (sare sozial indartsuek bihotzeko gaitzetatik babestu egiten gaituzte).
- Lan erreproduktiboa (zaintza lanak aintzat hartu eta adibidez, amama batek umeak zaintzen dituenean ze behar ikusten dituen… Proposatzen da zainketa kalean egitea eta neurri batean partekatua izatea)
- Presentzia (adibidez, legeak dio ezin dela arroparik eskegi fatxadetan; bada arropa eskegitzen denean, espazio publikoan jendearen presentzia ugaritu egiten da, segurtasuna handitu egiten da).
Bihar, 18:30ean izango da Soraluzen Denon Kaleak prozesu parte-hartzailearen bigarren saioa, Kalebarren 8ko lokalean.