Goiko saihesbideak zirkulazio bikoitza du gaurtik

Ubane Madera Zangitu 2024ko mar. 18a, 15:14

Semaforoa saihesbidean, Etxaburuetan.

Gaur, astelehena, 13:00ak geroztik martxan dira bialeko, saihesbideko behin-behineko semaforoak. Lau ipini dituzte, bata Gabolats gainerako aldapa hasieran, bestea Etxaburuetako bidegurutzean (elkarren artean koordinatuta); hirugarrena Estaziñoan, mendirako bidegurutzean eta azkena, Olako aldapan (bi horiek ere elkarren artean koordinatuta). Bestalde, karpak ere jarriko dituzte, behin-behineko geralekuak babesteko.

Luizitik jausitako harriak, lurrak eta bestelakoak batu eta Errabal libre laga arte, herri barruko zirkulazioa goiko saihesbidetik bideratuko da, semaforo bitartez koordinatuta. Semaforoak jarrita daude eta gaurko 13:00az geroztik martxan da zirkulazio berria autoendako. 

Autobusak bihar goizetik

Autobusak, berriz, bihar goizeko lehen ordutik hasiko dira saihesbidetik ibiltzen, beraz, bihartik aurrera autobus geralekuak atzera ere herri barruan kokatuko dira, baina ezohiko lekuetan.

Estaziñoan, adibidez, berezko geralekuaren parean egokituko dute behin-behinekoa, karpa bat eta seinaleak jarrita. Hau da, Eibarko noranzkoan (Donostia…) doazen autobusak hartzeko geralekuetako bat Estaziñoan egokituko dute. Bestea, berriz, Ezozibideko biribilgunetik poligonorako aldapan apur bat behera eginda, lehenago egon izan den leku berean kokatuko dute. Han ere ipiniko dute karpa.

Mendarorako autobusa

Horrez aparte, Udaltzaingotik abisatu dute Mendarorako autobusak (Ondarroara doanak) hiru lekutan hartuko dituela bidaiariak: Ezozi bideko biribilguneko geralekuan, Estaziñoan eta azkenik Errekaldeko zubian. Gero handik, Txurrukenera joan eta Dolmenaren biribilgunean buelta hartuta joango da saihesbidetik Mendarorantz.