Errabal kaleak itxita jarraituko du teknikariek ingurua aztertu arte

Erredakzioa 2024ko mar. 16a, 11:12

Brigadako langilea espaloia garbitzen.

Errabal kaleak itxita jarraitzen du gaur goizaldeko ordubatak aldera, Erresidentziaren azpikaldeko horma behera etorri eta harriak eta lurra errepidera jausiz geroztik. Udalak jakinarazi duenez, errepideak itxita jarraituko du autoentzako, teknikariek lurjausia gertatu den magala "behar bezala aztertu arte". Bitartean, Udalak aztertzen dihardu datozen orduetan trafikoa nola bideratu; oraingoz, autobusak herriaren gainaldeko eta kanpoko aldeko geltokietan jasoko dituzte herritarrak (xehetasunak barruan). Oinezkoentzako pasabidea zabalik dago jada, brigadako langileak espaloia garbitu ostean. 

Errabal kaleko bizilagunen esanetan, lurjausia goiz aldeko ordubatak aldera gertatu da: "Lurrikara txiki baten antzekoa izan da eta zarata handia atera du", kontatu du goizean etxeko balkoitik lurjausiari begira zegoen bizilagun batek; "zorionez ez du inor harrapatu", gaineratu du. Beste bizilagun batek kontatu duenez, atzo goizetik somatu zuten inguruan zerbait gertatzen zela, harri koxkorrak jausi zirelako errepidera.  

Itxita ingurua aztertu arte

Albistea eguneratzen dihardugun momentuan, Errabal kaleak itxita jarraitzen du autoen zirkulaziorako eta itxura guztien arabera, horrela jarraituko du egun batzuetan. Izan ere, Udalak jakinarazi duenez, "harriak eta lurrak kentzen hasi aurretik teknikariek behar bezala aztertu behar dute ingurua" eta ondoren, teknikariek diotenaren arabera, erabakiko dute zer egin. Besteak beste, aztergai dute Errabal zabaldu bitartean, herriaren gainaldeko bidean bi norabide ezartzea.   

Autobusak gainaldeko eta kanpoko geltokietan

Momentuz, autobusak, herriaren gainaldeko eta kanpoko aldeko geltokietan geldituko dira. Hona hemen Udalak autobusen funtzionamenduaren inguruan zabaldu duen informazioa:

  • Eibar eta Donostia norabidea duten autobusen geralekuak: Sahiesbideko bi puntetan hartuko dira, Karmelo Mendizabal enpresaren zubi parean eta Mendiola poligonoko zubi parean.
  • Mendaro-Ondarroa norabidea duten autobusen geralekuak: Gainaldeko geralekuetan (Ezozi Bidean, Estaziño kalean eta Errekalden) jasoko ditu herritarrak.
  • Bergara, Arrasate eta Gasteiz norabidea duten autobusen geralekuak: Ohiko moduan, aldaketarik ez.