Zapatuko manifestazioan, osasun arloko lehen arretan jarriko dute iparra, “osasun-laguntzako sistemaren giltzarri bihurtzeko eta ez sarrera-ate hutsa soilik”. Uste dute Lehen Mailako Arretak aukera eman behar duela “osasun arazoen jarraipena mediku bakar batek egin dezan, bertara zuzenean joatea bermatu” behar duela, “beharrezko baliabideak” izan behar dituela, “antolatzeko autonomia” izan behar duela eta “eskainitako osasun zerbitzuak handitu” egin behar dituela.
Ardura politikoa
Halaber, salatu dute “Osakidetzaren egungo egoera arduradun politikoen planifikazio eta kudeaketa arduragabe eta negatiboaren ondorio” dela eta 1997ko legeak “larriagotu” egin zuela egoera, “erakunde pribatuei osasun-laguntza eskuratzeko aukera eman” zielako.
Horregatik guztiagatik, pentsiodunen mugimenduak uste du “beharrezkoa” dela osasun publikoaren aldeko manifestazioak babestea eta Soraluzetik dei egin diete Eibarko manifestaziora joateko. 12:00etan abiatuko da, Untzaga plazatik. Eskatu dute Gipuzkoako Pentsiodunak leloa duten zapiak eramatea.