Txarandeltarrak edo Txarandelanekoak Alberdi-Barrenetxea familiako kideak dira. Santa Ana kaleko 7. atarian bizi zen familia dena.
1936an ezkondu eta Txilera joan zen familiako lehenengoa eta beste guztiak gerra ostean. Galtzaileen bandokoak ziren, nazionalistak, eta, horrexegatik erbesteratu beharra. Sei anai-arreba ziren, Francisco, Joseba, Erremiji, Isaias, Miren Eskerne eta Garbiñe.
Bada, Erremiji Alberdi 1950ean ezkondu zen Txilen, Oñati-Errioxako gurasoak zituen Natividad Monforte Errastirekin; besteak beste, Juan Alberdi Monforte semea izan zuten eta huraxe da, hain justu, Maite Alberdiren aita.
Maite Alberdi
Fernando Alberdi soraluzetarrak kontatu duenez, alberditarrak sarri etortzen dira Soraluzera. Urrunegi joan barik, 2021ean egon zen Juan Alberdi, bere alaba Maite Alberdik saria eskuratu baitzuen Donostiako Zinemaldian El agente topo lanarekin.
Maite Alberdiri (Txile, 1983) dagokionez, ibilbide benetan ikusgarria dauka zinemagile modura. 2004an egin zuen lehen mikrodokumentala, Carrete Down, eta, 2011n estreinatu zen lan luzeekin.
Denetarik egin du Alberdik, baina batik bat, gai sozialetan oinarritutako lanak. 2014an La Once dokumentala Goya sarietara izendatu zuten eta bere beste lan ugarik ere badituzte sariak zein aipamenak, azkena da La Memoria Infinita orain Oscar Sarietara izendatuta dago eta dagoeneko sari mordoxka jaso ditu, besteak beste, Goya saria Iberoamerikako dokumental onenari.
Donostiako Zinemaldian ere izan zen dokumental hori. Hain justu, horren harira, Berriak elkarrizketa egin zion Maite Alberdiri, HEMEN KLIKATUTA irakurgai. Eta hain justu, Zinemaldira etorri zen azkeneko aldiz Alberdi familiako ordezkaritza, 2021ean, El agente topo saritu zutenean. Tartean, Juan Alberdi, Maite Alberdiren aita ere izan zen Donostian eta Soraluzera bisita egiteko aprobetxatu zuen.