Laurogei pertsona baino gehiago hurreratu ziren zapatuan Kiroldegiko erakusketa gelara Tere Guenetxea Uralde-ren Ametsak...Ametsetan? erakusketa inauguratzen zela eta.
Guenetxeak azaldu zuenez, obrak emakume heldu baten gorputza eta erotika uztartzen ditu, emakume helduen "askatasuna eta ahalduntzea" aldarrikatu asmoz: "Erotismoa emakume heldu baten gorputzari loturik agertzeak askatasunarekin eta ahalduntzearekin du zerikusia. Zentzu horretan, gustatzen zaizkit narruzko eskularruak zeren eta nolabait laguntzen dute erakusten merkatu komertzialean ikusten ez diren gorputz motak ere erotikoak direla. Badago beste detaile garrantzitsu bat borroka feministarekin zerikusia duena: aurpegiko zapia. Berdin da zuria ala beltza den, internazionalistak bagara, azalaren koloreak ez du inportantziarik".
Guenetxeak azpimarratu du obra "munduko emakume guztiei eskainitako omenaldia" dela, "naturarekin konektatzeko prozesu baten sortua, gure mitologiaren lekukoa ikuspegi feministatik landuz, beldurrik gabe, adin eta neurri prototipikoetatik kanpo. Horixe da intentzioa, sentimentuen hizkuntza ikastea eta erakustea, beldurrik gabe bizitzeko".
Erakusketa martxoaren 16ra arte izango da ikusgai Kiroldegiko erakusketa gelan, astegunetan arratsaldeko 18:30etatik 20:00etara bitartean eta zapatuetan, 12:00etatik 13:30era.