Txangoa eta burmuinerako gimnasia ikastaroa, Itxaropenaren eskutik

Ubane Madera Zangitu 2024ko mar. 4a, 10:16

Itxaropenakoak Portugaleten, iazko ekainean.

Itxaropena Erretiratuen Elkarteak hainbat ekimen ditu zabalik martxorako. Batetik, Añota-Azpeiti ingurura txangoa ari dira antolatzen eta bestetik, burmuineko gimnasia lantzeko ikastaroa egingo dute, martxotik-maiatzera. Bi kasuetan, zabalik da izena emateko epea. Bestalde, podologoa martxoaren 12an eta 21ean izango da Itxaropenan.

Txangoari dagokionez, Añota sagardotegira joango dira, lehenago, Azpeitiko Tren Museoa bisitatuko dute. Izena emateko epea zabalik dago eta adi, ze elkartetik esan dutenez, oso leku gutxi geratzen dira libre. Beraz, norbaitek interesa balu, ahalik eta lasterren eman beharko luke izena. 

Txangoa martxoaren 13an egingo dute eta prezioa da 50 euro; izena emateko azkeneko eguna, berriz, martxoaren 7a da. Bihar, martitzena, goizez, bulegoan egongo dira juntako kideak eta orduantxe edo eguenean eman ahalko da izena.

Martxotik maiatzera ikastaroa

Bestetik, burmuineko gimnasia lantzeko ikastaroa antolatu dute Itxaropenan. Martxoan hasi eta maiatzera bitartekoa izango da, Buruz Gimnasio Cerebralaren eskutik. Saioak martxoaren 20an eguaztenean, martxoaren 25ean, astelehena eta hortik aurrera, apirileko eta maiatzeko eguazten guztietan izango dira, 16:00etatik 17:30ak bitartean, Kalebarren 8ko lokalean. 

Ikastaroan izena emateko epea zabalik dago. Asko jota, 15 pertsonarendako lekua izango da ikastaroan. Udalak finantzatutako ekimena da.

Podologoa

Azkenik, martxoan, podologoa martxoaren 12an eta 21ean izango da Soraluzen. Txanda har daiteke martitzenetan edo eguenetan, 11:00etatik 12:00etara.