Domekan abiatu zen 2024ko udaberriko Errigoraren kanpaina, Eutsi gureari! lelopean eta, Nafarroako erdialde eta erriberako nekazariak eta euskalgintza babesteko auzolan erraldoiaren baitan, herritarrek Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko oliba-olio birjina extra, kontserbak, ardoak, arroza, pasta, lekaleak eta fruitu lehorrak eskatzeko aukera izango dute oraingoan, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta.
Berrikuntzak
- Ardo bereziak. Lote honetan Errigoran parte hartzen duten upategietako ardo bitxien aukeraketa bat aurki daiteke: sulfitorik gabeko ardoak, ardo onduak izan gabe frutaren freskotasuna eta egur-ukitua mantentzen duten ardo erdionduak, beratze karbonikoko ardoak… Azken batean, ekonomikoa izan arren, berezia den ardo sorta bat.
- Ardo gorenak. Lote honetan ardoen lan-ildo klasikoan murgildu da Errigora. Eta bertan, ardo onduak aurki daiteke, dedikazio handiagoa behar duten elaborazio luzeko ardoak.
- Babarrun gorriak. Aurtengo eskaintzan ere babarrun gorriak aurki daitezke, ekologikoak eta konbentzionalak.
Kanpainaren funtzionamendua
- Eskaera epea. martxoaren 13a baino lehen egin behar dira.
- Eskaera egiteko bidea. Webgunea izango da eskaerak jasotzeko bide nagusia: Errigora.eus. Hala ere, telefono bidez ere egin ahal izango dira eskaerak. Hegoaldetik deitzeko +34 848 87 12 23.
- Eskaerak jasotzeko. Maiatzaren 17an, arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara bitartean, Soraluzeko Gaztetxean.
- Ordaintzeko. Online eginez gero, bi zatitan ordaintzeko aukera izango da. Bestela, dena batera ordain daiteke, eskudirutan, produktuak jasotzerakoan.
Errigorako arduradunek azaldu dutenez, azken hilabeteotan elikagaien merkatuaren egoera oso gora-beheratsua izan da eta hori dela eta, udaberriko kanpainari begira erabaki ausartak hartu behar izan dituzte, esaterako, Errigorako bezeroei olioaren prezioa merkatuko prezioaren azpitik eskaintzea, bezeroen leialtasuna saritzeko eta komunitatea indartzeko.