Urte asko daramatzazu zaletasun horrekin, beraz.
Pil-pileanen erosi zen lehen kamara reflexa nire esku artean jausi zenean hasi zen hainbeste betetzen nauen zaletasun hau. Hor mundu berri baten atea zabaldu zitzaidan. 28 urte nituela erosi nuen lehenengo kamera analogikoa, gerora reflex digitala eta orain mirrorlessa. Etengabe sortzen zaizkit erronka berriak, lagun berriak, kokapen berriak, teknika berriak… oso aberasgarria da.
Zer da argazkilaritza zuretzat?
Argia eta begiradaren arteko jolasa dela esango nuke. Niretzat zorion iturri eta sormen ariketa amaigabea. Oso momentu zirraragarriak bizitzeko aukera eman dit, bakarrik, familiarekin zein lagunartean.
Zeri, noiz eta non atera duzu azken erretratua?
Pasa de astean Karakate gainean neu bakarrik egon nintzen egunsentia ikusten eta argazkiak ateratzen. Bat-batean zerua gorritzen hasi zen eta inguruko behe-laino guztiak koloreztatu zituen. Magia hutsa!
Irabazi duzun azken saria? Eta orain artekoak?
Elgoibarren azken urteotan beti aurkeztu izan naiz egutegiko argazki lehiaketara, hamar urtetan jarraian, 10 gai desberdin emanda, denetan lortu dut saria. Aurten, adibidez, nire hiru argazki agertu dira egutegian eta horietako bat azalean jarri dute. Aurten, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko egutegi lehiaketan ere argazki bat saritu didate. Bertan Iñaki Oregiren argazki bat ere agertzen da. Horrelako errekonozimenduak beti dira pozgarriak, baina saririk onena beti da buruan daukazun argazki hori lortzea.
Halako sariketetan, baina, oraindik emakume gutxi ikusten da. Zu, berriz, epaimahaikide ere izan zara…
Aurten Kontrargikoek gonbidatu naute argazki rallyan epaimahaikide izatera. Lan demasa egiten dute, zoriontzekoa. Herriz herriko rallyen sailkapen orokorrean 40 gizon daude eta 8 emakume. Baina, adibidez, institutuan ikastaroak eman izan dizkiet gazteei eta horietara gehien etortzen direnak neskak dira. Beraz, argazkigintzan ere parekatzen joango dira kopuruak. Horrela izan dadin nire aletxoa jarri nahiko nuke.
Zein da atera duzun argazkirik gogokoena? Zergatik?
Galdera zaila! Igual Mutrikuko olatuen argazkiren bat, egunsentian olatuak apurtzen ikustea sekulako espektakulua delako. Saturraranen haitzen atzetik ilargia irteten ikustea ere oso polita da. Gehienetan “photopills” mugikorreko aplikazioa erabiltzen dut argazkiak planifikatzeko, horrela aurrez jakitzen dut eguzkia zein ilargia noiz eta nondik irtengo diren.
Zer/zein leku/gauza gustatuko litzaizuke erretratatu eta oraindik ez duzu lortu?
Nire lagun argazkizale batek eta biok beti izaten dugu ideiaren bat buruan bueltaka, oraintxe basoan lilipak loran daudela entzun dugu, beraz, behe-lainoa dagoen egun batean horraxe joango gara. Euskal Herritik kanpo, aurora borealak itxaron zerrendan dauzkat. Kar kar.
IA indarra hartzen ari den honetan, IA erretratuetarako bai ala ez?
Teknologia berriak maite ditut nik, baina ez litzaidake gustatuko afizio hau fikzio bihurtzea. Funtsean, IAk inoiz ez ditu aipatu ditudan momentuak eta bizipenak ordezkatuko. Momentuko emozioaren parekorik ez dago. Niretzat irudi kreatiboak lortzeko sormen tresna bat gehiago izan daiteke. Norbere balore onak edozeren gainetik jartzen badira tresna oso interesgarria. Egia esan behar da, zer den erreala, zer eraldatua edota zer sortua.
Besterik nahi baduzu gaineratu…
Nire argazkien berri izan edota zerbait galdetu nahi badidazue instagramen @guruariznabarre nauzue.