Pozik da Javier Ariznabarreta bere margolanen erakusketaren inaugurazioak izandako erantzunarekin. Herriko bertako zein kanpotik etorritako bisitari asko erakarri zituen, baita margolariak ere. Gaur ere, astelehena, ari dira bisitariak bertaratzen eta hainbatek artistaren zuzeneko azalpenak entzuteko aukera izan dute.
Ariznabarretak (Soraluze, 1953) 24 margolan jarri ditu ikusgai Araneko erakusketa gelan, 22 berak margotutakoak eta beste bi bere lobek beraren laguntzarekin landutakoak. Akrilikoz zein olioz egindako margolanak dira, erretiratu zenetik hona margotutakoak, orain dela sei urte.
Marrazketa gogokoen
Izatez, autodidakta da artista soraluzetarra, baina marrazkia eta marraztea du gustuko batik bat, eta, diziplina hori landu izan duten artistak ditu gogoko zein inspirazio iturri, Dali, Da Vinci zein Miguel Angel, batzuk aipatzearren.
Berez, zazpi arloren arabera sailkatuta daude Javier Ariznabarretaren lanak lanak, Natura, Begirada espaziotik, Tradizioa, Naturan bizirautea, Emakumea, Lau elementu eta Ikono turistikoak, baina guztiek dute komunean Naturarekin edo animaliekin lotutako elementuren bat izatea.