Aurreko batzarreko akta onartu ondoren, 2023ko memoriaren berri eman zuten Itxaropenako Batzar Orokorrean, joan den eguenean. Hilero egiten dituzten ekitaldiak banan-banan xehatu zituzten, izan ere, hilero egiten dituzte txangoak, bilerak zein bestelako ekimenak. Adibidez, 2023an 41 bingo saioa egin zituzten.
Zerbitzuen berri ere eman zuten. 2023an, esaterako, handitu egin dute bazkideen artean horren baloratua den podologo zerbitzua. Halaber, besteak beste, jakinarazi zuten Itxaropenako zuzendaritzako ordezkariak eskualde zein probintzia mailako batzarretan parte hartzen ari direla “gai komunetan irizpideak bateratzeko”. Ildo beretik, azpimarratu zuten oso tratu adeitsua ari direla izaten Soraluzeko Udalarekin. Hain justu, egueneko batzarrean, bertan izan zen Gizarte Ongizate Saileko zinegotzi Iker Ucin.
15.000 euroko dirulaguntza
Memoriarekin batera, kontu ekonomikoak mahai gaineratu zituzten, iazkoak zein aurtengoak. Besteak beste, azpimarratu zuten oso egoera ekonomiko onean dagoela herriko erretiratuen elkartea. Bestalde, 2024rako 23.388 euroko aurrekontua onartu zuten aho batez, sarreretan zein gastuetan berbera. Puntu horretan, esan zuten Soraluzeko Udalak 15.000 euroko dirulaguntza eman diola Itxaropenari eta besteak beste, 7.788 euro kuoetatik batuko dituztela. Gastuen artean, berriz, handiena txangoak egitekoa da, 5.300 euro.
Zuzendaritza berria
Segidan, zuzendaritzako kideak berritu zituzten. Hasieran, lau lagun behar zituzten zuzendaritza osatzeko, baina azken orduan, oraingo zuzendaritzako kide batek bertan jarraitzeko ezintasuna adierazi zuen. Hori horrela, azkenean bost kide berri aukeratu zituzten eta ondorioz, honako kideek osatu dute oraingo zuzendaritza:
Marisa Andonegik, Jose Bengoak, Koldo Kareagak, Bego Perez de Herediak, Mikel Valerok, Rosa Zabalak, Jose Ramon Fariñasek, Marian Begilek eta Jose Inazio Barrutiak.
Bileraren amaieran, galde-erreguetara pasatu aurretik, eskaera ezohiko bat egin zuten: errespetua denondako. Jarrera desegoki batzuk tarteko egin zuten eskaera hori, “errespetua denondako eta errespetatu gaitezela guztien artean”, horixe eskatu zuten.
Loiola-Tren museoa
Azkenik, 2024ko lehen txangoaren berri eman zuten. Azpeitira joango dira, Loiola Santutegira lehenengo, eta, segidan, Tren museora; han trena eurendako alokatu eta Lazkaora joan-etorria egingo dute eta eguna borobiltzeko, bazkaria egingo dute Añota sagardotegian. Martxoaren 13an egingo dute txangoa. Esan zutenez, laster emango dituzte xehetasun gehiago.