Dozenaka bertsolari eta bertsozale transfeminista batu ziren atzo Soraluzen, lehenengo Señora Bertso Egunean. Goizeko bertso-poteoaren ostean, ehun lagunek baino gehiagok bazkaldu zuten karpan eta entzulez beteta zela kantatu zituzten bazkal ostean bertsolariek bertso jarriak zein bapatekoak, bertsozaleen harrera beroarekin. Iluntzean, Elektropottottak lehertu zuen jai-giroa kalean eta jaiak Gaztetxean jarraitu zuen goizeko ordu txikiak arte. "Señoreoak" ekainean izango du jarraipena, atzo iragarri zutenez sariketa antolatuko dute eta, aurreko edizioetakoa baino laburragoa izango bada ere.