Señora Bertso Eguna

Oihana Arana: «Nire ustez, performance 'mamarratxo' apur bat falta zaio bertsolaritzari»

Berria.eus. Mikel Elkoroberezibar Beloki. 2024ko ots. 17a, 09:23

Oihana Arana, Donostiako Trinitate plazan. Argazkia: Iñigo Uriz.

Señora bertso eguna egingo dute estreinakoz, gaur, Soraluzen. Oihana Arana antolatzaileak nabarmendu du denetariko 'señoren' abanikoek haize berriak ekar ditzaketela bertsolaritzaren mundura.

Señora bertso eguna egingo dute estreinakoz, gaur. Soraluze (Gipuzkoa) señoraz beteko da, eta denetariko jarduerak izango dituzte: bertso poteoa, bertso sortaz girotutako bazkaria, bertso saioa, kalejira —Elektropottottek girotuta— eta Eire musika taldearen eta DJ Txilardegiren kontzertuak. Antolatzaileetako bat da Oihana Arana bertsolaria (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001).

Zer da señora izatea?

Señora kontzeptuarekin gatazkak eduki ditugu hasieratik, eduki dezakeen karga sinbolikoarengatik edo gaztelaniatik datorren hitz bat delako. Baina, gure ustez, señora kontzeptua oso zabala da: izateko modu asko barnebildu ditzake, eta, batez ere, oso lotuta dago ahalduntzearekin eta politikoki zuzena ez izatearekin. Aldarrikatzen dugu señora izateko modu asko daudela, eta bakoitzak daukala señora izateko bere modua.

Hiru aldiz antolatu duzue Señora sariketa, eta hau izango da lehen Señora bertso eguna. Jauzi bat da bertsolaritza transfeministarentzat?

Ez dakit sekulako jauzia den, baina uste dut pauso bat gehiago dela. Guri interesgarria iruditzen zaigu lehiari beste leku batetik begiratzea, eta hortik ikertzea gure lekua bertsolaritzan zein izan daitekeen. Lehiarik bako espazioetan helburua ondo pasatzea, elkartzea eta pentsatzea denean, askoz gauza interesgarriagoak sortzen dira. Hiru urte hauetan Señora proiektuak bere sarea lortu du, eta komunitate hori elkartzeko eta elkar ezagutzeko espazio bat sortzea da egun honen helburua.

Nolako giroa sortu nahi duzue?

Giro informaletan sortzen dira askotan gauzarik interesgarrienak. Ematen du hausnartzeko eta proiektu berriak sortzeko beti behar direla gorbatak eta mahai handi bat, eta nik sinisten dut gauza interesgarrienak sortu daitezkeela bazkariko mahaia jasotzen ari garen bitartean.

Jarraitu elkarrizketa hau irakurtzen Berria.eus-en, HEMEN.