Ehun eta hogei lagunek baino gehiagok eman dute izena Señora Bertso Eguneko bazkarirako

Egoitz Unamuno 2024ko ots. 16a, 15:06

Ikusleak iaz Señora sariketako finalean, Oñatin.

Gaur, zapatua, Señora Bertso Eguna egingo da Soraluzen eta egun guztian zehar bertsoarekin lotutako ekitaldiak egingo dira: bertso poteoa, bazkaria, bertso saioa, kontzertuak... Dagoeneko 120 pertsonak baino gehiagok eman dute izena bazkarirako eta izen-emate epea amaitu den arren joan nahi izanez gero, badago aukera. 

Euskal Herri osotik etorritako bertsolari eta bertsozale feministak batuko dira gaur herrian. Lehen hitzordua 12:00etan da Zubi Nagusian, bertso poteoari ekiteko. Bertan Amaia Agirre, Uxue Alberdi, Jone Larrinaga, Irati Majuelo, Izar Mendiguren, Nahia Sasco ariko dira bertsotan, Ainhoa Larretxea eta Ainhoa Urienek gaiak jarrita. 15:00etan, berriz, bazkaldu egingo dute Plaza Zaharreko karpan eta bazkalostean, bertso sortak kanatauko dituzte Haizea Aranak, Aissa Intxaustik, Alaitz Sarasolak, Maddi Ane Txoperenak eta Alazne Untxalok. 17:30ean, bertso-saioa egingo dute karpan bertan; Nerea Ibarzabal, Irantzu Idoate Funosas, Sarai Robles eta Eli Zaldua ariko dira bertsotan, Ainhoa Larretxea, Ainhoa Urienek gaiak jarrita. Ostean, jaiak jarraituko du Elektropottotterekin eta gauean, 22:00etan, Eire eta DJ Txillardegi izango dira Gaztetxean.

Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, dagoeneko 120 pertsona baino gehiagok eman dute izena bazkaritarako baina oraindik ere badago lekua. Bazkaritara joan nahi izanez gero, idatzi 660127012 zenbakira.