Bertan da Aratuste barikua eta herriko ikasle, irakasle, musikari, dantzari, guraso eta bestelakoak buru-belarri ari dira lanean guztia dotore atera dadin. Aurten, hamargarren urtez ospatuko dira Euskal Aratosteak eta egitarau betea iragarri dute barikurako, honakoa:
- 14:30 Argazki maratoia, eskolan, guraso-argazkilariekin
- 15:15ean Euskal Aratosteetako kalejira, herrigunean
- 16:00etan Aratosteetako dantza erakustaldia, Zubi Nagusian; Plaentxi Eskolako ikasle-irakasleekin eta Musika Eskolako musikariekin
- 16:30ean Txokolate jana, Kontzejupean
- Jarraian Latuna Bando txaranga (Soraluze-Eibar) kalez kale
- 18:30ean, Dantza herrikoiak, Zubi Nagusitik hasita
Oharra: eguraldiaren arabera leku aldaketak egon daitezke.
31 kartel lehiaketara
Euskal Aratosteak iragartzen dituen kartela kaleko puntu ugaritan dago jarrita. Izaro Vega Institutuko DBH1eko ikasleak egindakoa da, Institutuko ikasleekin antolatutako kartel lehiaketako irabazlea, hain justu. Soraluzeko Udaleko Kultura zinegotzi Maite Quintanillak esandakoaren arabera, “ez da erraza izan” lehiaketan kartel bat aukeratzea. Guztira, 31 aurkeztu zituzten, guztiak ere, oso “maila txukunekoak” eta epaimahaiari -Euskal Aratosteetako talde eragilea- “kosta” egin zaio bat aukeratzea.