San blas eguna

Guztiak bedeinkatuta

Ubane Madera Zangitu 2024ko ots. 4a, 10:47

Atzo, San Blas eguna, eliza bete-beteta zegoela bedeinkatu zituzten San Blas opilak, eztarrirako kordoiak eta kandelak. Luis Gomez apaizak gogotsu astindu zuen hisopoa, bere esanetan, inguruko onena, ur bedeinkatua bazter guztietara zabalduz. Elizkizuna amaituta, askok atera zuten argazkia San Blas zaindariaren inguruan eta beste askok eliz atarian, bedeinkatutako sanblasak eskuetan.

Atzo ezkero, Soraluzeko etxe askotan bedeinkatutako sanblasak jaten ari dira, izan ere, beste behin, bete egin zen Andre Maria Jasokundearen parrokia San Blas eguneko bedeinkapenaren bueltan. Jarleku guztiak izan ziren beteta, baita jendea zutik ere atzeko partean.

Oinarrizko errituak esanda, aldaretik jaitsi, hisopoa ur bedeinkatuz bete eta eliza goitik behera eta alderik alde zeharkatu zuen Luis Gomez apaizak. Abadeak gogotsu jardun zuen eta herritarrak ere gogotsu izan zituen, sanblas opilak ondo goratuta, ur bedeinkatuaren zipriztinak jasotzeko. 

Ordu erdi inguru iraun zuen elizkizunak eta haren amaieran tradiziozko argazkiak atera zituzten hainbat familiak; aurten, gehiago izan dira San Blas zaindaria photocall modura erabilita argazkia atera dutenak eliza-atarian atera dutenak baino.