Zapatua izanik, lehiaketara sanblas gehiago aurkeztuko ziren esperantza bazegoen arren, azkenean, iazko lehiakide kopuru berbera aurkeztu da aurten: zortzi. Hori bai, lehiakideetako gehienak berriak izan dira eta aipagarria da gazte eta ume batzuk ere animatu direla, erreleborako txanda hartuaz.
Epaimahaia osatu dute Itxaropena Erretiratuen Elkarteko zuzendaritzako hiru kidek eta haiek esandakoaren arabera, kosta egin zaie irabazleak erabakitzea, opil guztiek antzekotasun handia baitzuten.
Guztiak gozoak
Azkenean, lehen saria Vicenta Gomezek egindako sanblasari eman diote, zuen zaporearengatik, esan dutenez. Kuriositate modura, orduarekin nahastu eta lehiaketara azkena iritsi denak eskuratu du lehen saria.
Bigarren saria, berriz, Sonia Mendok eskuratu du eta hirugarrena Intza eta Arlene Baglietoren eskuetara joan da.
Bukatzeko, ohi denez, lehiaketara aurkeztutako sanblasak zatitu eta plazan zeudenek gustura asko jan dituzte; noski, lehen sariduna izan da “desagertzen” lehena, baina esan duten moduan, “guztiak zeuden gozo-gozoak”.