19:30eko kanpaiekin batera batu dira herritarrak plazara, herrian salatutako azken eraso matxistak gaitzesteko, Udalaren deiarekin bat eginez. Kalebarreneko hainbat denda itxi eta guzti egin dituzte. 150 bat lagunek, isilean arbuiatu dute emakumeen kontrako biolentzia. Amaieran, Ainara Osoro Parekidetasun batzordeko zinegotzi arduradunak eta Patricia Borinaga batzorde bereko ordezkari sozialistak komunikatua irakurri dute.
"Desberdintasunaren ondorioa"
Haren bitartez, erasoak salatu, biktimei “laguntza eta hurbiltasuna adierazi” eta azpimarratu dute “Soraluzeko Udalak ez duela inondik inora ere onartuko emakumeen giza eskubideen aurkako urraketarik”. Halaber, gogorarazi dute indarkeria matxista emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren ondorio dela eta hori horrela, uste dute “funtsezkoa” dela “gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-balioak sustatzea”.
Bukatzeko, bertaratutakoei eskerrak emateaz bat, herritarrak animatu dituzte “publikoki erakutsi dezaten emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa”. Uste dute “eraso hauek desagerrarazteko behar-beharrezkoa” dela “gizarte osoaren inplikazioa”.
Soraluzeko Udalak ez du gertakariei buruzko xehetasun gehiago helarazi "biktimekiko errespetuarengatik".
Komunikatua osorik segidan irakurgai:
“Gure herrian hilabete honetan gure herrian izandako eraso matxisten aurrean, Soraluzeko Udalak bere gaitzespenik gogorrena adierazi nahi du. Era berean, biktimei eta beraien ingurukoei gure laguntza eta hurbiltasuna adierazi nahi diegu. Berreskuratze eta erreparazio prozesuan laguntzeko behar duten informazioa eta udal baliabideak beraien eskura jarrita ditugu une honetan.
Soraluzeko Udalak, erakunde gisa, irmoki adierazi nahi du ez duela inondik ere onartuko emakumeen giza eskubideen aurkako urraketarik. Gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu jokabide hauek gure gizartetik desagerrarazteko.
Halaber, Soraluzeko udala osatzen dugun talde politikook gogorarazi nahi dugu indarkeria matxista egiturazko arazo baten ondorio dela, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna. Erasoak dira emakumeek gure gizartean jasaten duten indarkeria matxistaren ondorio larrienak eta muturrekoenak. Horregatik, funtsezkoa da gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-balioak sustatzea, bai hezkuntzan eta baita emakumeen ahalduntzearen bidean lan eginez ere, bizitzako alderdi guztietan, indarkeria matxistaren edozein adierazpide errotik moztuz.
Azkenik, herritarrak animatu nahi ditugu publikoki erakutsi dezaten emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa. Eraso hauek desagerrarazteko behar-beharrezkoa da gizarte osoaren inplikazioa. Horregatik gaur bertaratu diren herritarrei eskerrak eman nahi dizkiegu eta eraso matxisten aurrean salatzera, biktimei babesa adieraztera eta mobilizatzera dei egiten diegu”.