Pozik daude Soraluzeko saridunak. "Hemen garrantzia ematen diogu hamaiketakoari. Argazkilari guztiak batzen garen momentu bakarra da eta Soraluzen hori zaindu egiten dugu, geldialdi berezia eginez; horrez aparte, Txoko tabernak ematen duen hamaiketakoa oso ona da", esan du Mikel Valero Kontrargi Argazki Kolektiboko kideak. "Oso pozik gaude, noski. Gainera, oso gustura ematen dugun hamaiketakoa da argazkilariei ematen diguena", gaineratu du Txaro Uzin Txokoko ugazabak.
Elkar-ezagutzeko parada
"Hamaiketakoa da, zalantzarik gabe, unerik onena rallyan, atseden bat hartzeaz eta indarrak berreskuratzeaz gain, gainerako partaideekin sozializatzen baita, adiskidetasunak sendotzen dira eta era guztietako argazki-ekipo berrien eta diziplinen gaineko txutxu-mutxuak komentatzen dira", esplikatu dute, berriz, Herriz Herri Argazki Rallytik.
VIII. Herriz Herri Argazki Rallya apirilaren 23an hasi zen Irunen eta azaroaren 19an bukatu zen, Soraluzen. Zirkuituan, 12 herrik parte hartu dute: Irun, Errenteria, Eibar, Lesaka, Barakaldo, Sopela, Legazpi, Ataun Donosti, Altsasu, Beasain eta Soraluze.
Argazkilariei dagokienez, 132 gizonezkok eta 60 emakumezkok parte hartu dute aurtengo edizioan. Zentzu horretan, antolatzaileek azpimarratu dute asko handitu dela andreen partaidetza, sei gizonetatik emakume bakarra izatetik, setik bi izatera.
Bihar, 2023ko sariak banatu ondoren, 2024ko rallyaren xehetasunak emango dituzte.