Zergatik erabaki duzue aurten ez aurkeztea?
Bakailao lehiaketara-eta beti berdinak aurkezten dira, baina San Blas lehiaketara oso jende gutxi aurkezten da. Ni, batipat, parte hartzearren joaten naiz. Baina esan izan didate beti zuk irabazten duzu, nire sanblasak gozoagoak dira… halakoak. Hortaz, aurten, opilak eramango ditugu, jendeak jateko, baina ez gara lehiaketara aurkeztuko, ea beste norbaitzuk animatzen diren. Aurten, gainera, zapatua da, akaso jende gehiago aurkeztuko da lehiaketara.
Zer dute zuen sanblasek horren goxoak izateko?
Ezer berezirik ez. Tia Manuelaren errezetarekin egiten ditut. Izeko Maria Angeles eta ni behin konturatu ginen errezeta berbera genuela, Tia Manuelak emandakoa. Izeko Maria Angeles hasi zen lehiaketan parte hartzen eta sarri irabazi izan du lehiaketa; horrez gain, opilak egiteko ikastaroa ere eman izan dugu biok.
Jatorrizko errezeta mantentzen duzue ala aldagairen bat gehitu diozue?
Aldagaia du, bai. Lehen, errezeta asko izaten ziren zeuden elikagaiak aprobetxatzeko; sanblasetan, adibidez, arrautzak, irina, azukrea eta manteka. Guk, orain, egiten dugu erdia manteka eta beste erdia mantekilla.
Zenbat belaunalditan diharduze sanblasak egiten?
Familian, gutxienez, hiru belaunaldi. Gurean, anaiak eta biok hartu genuen erreleboa.
Zeu noiz hasi zinen?
Gaztetan. Umetan Elgoibarrera joan ginen bizitzera eta gaztetan, Soraluzera bueltatu nintzenean hasi nintzen. Orduan, Mendatanean elkartzen ginen lagun mordoa kafea hartzera eta sanblasetan, ba bakoitzak berea eramaten zuen eta guztiak probatzen genituen.
Gaur (urtarrilak 16) hasi zara sanblasak egiten; data finkoa izaten duzu egiten hasteko?
Urtarrilaren bigarren astean, Gabonetako betekadak jaisten laga eta orduan. Eta bukatu, berriz, San Blas egunean. Behin udan egin nituen, baina ez da gauza bera.
Zenbat egiten dituzu?
Sei bat tanda, tanda bakoitza bi kilo ingurukoa. 60 sanblas baino gehiago egiten ditut. Agujetak ere izan ditut sanblasak egitearren.
Denak zuentzat dira ala banatu egiten dituzue? Kanpora bidaltzen dituzue?
Konpromiso asko izaten ditugu eta asko bidaltzen ditugu kanpora: koinatuari Valladolidera, Italian -La Toscana- bizi diren lagunei, Cadizera, Donostiara, lantokira… Oso gustuko dituzte sanblas opilak.
Zuretzat berezia da San Blas eguna? Eta bedeinkapena?
Sanblasak egitea oso gustuko dut; Jon ume zela berarekin egiten nituen, bera ere aurkeztu izan da lehiaketara. San Blas eguna izatea, berriz, nire ustez polita da. Eibarren lapurtu egin digute -dena lapurtzen digute eibartarrek, baita armagin izena ere-, baina San Blas gurea da; bestela, ea Eibarko jende nagusiak baduen horrenbeste antzinako argazki sanblasak eskuetan dituztela! Bedeinkapenera, berriz, joan izan naiz, baina orain agnostiko samarra naiz eta ez naiz joaten.
Egingo zenuke zerbait San Blas eguna indartzeko/mantentzeko?
Ez zen txarto egongo. Gainera, Soraluzek berezko jai gutxi ditu, Santiago-Santa Ana eta Gaztañerre. Elgoibarren, adibidez, jai mordoa dituzte. Sanblasak, berriz, gero eta gutxiago egiten dira; gazteek, adibidez, egin ez dituzte egingo, baina erosi eta jan egingo dituzte, hori seguru. Hala ere, oraindik nabarmena da sanblas opilen usaina atari askotan.