Udalak webgunea berritu du mugikorretarako egokituz

Ubane Madera Zangitu 2024ko urt. 31a, 11:48

Soraluzeko Udalak webgunea -Soraluze.eus- berritu du urtarrilean. Itxura aldaketa da nabarmenena, osterantzean, webgunearen zerbitzuak lehengo berberak direla adierazi dute: albisteak, tramiteak, agenda eta informazio praktikoa. Hori bai, gaineratu dute "asko hobetu" dela "mugikorretik nabigatzeko aukera".

Nabarmen aldatu du itxura webguneak, zein da helburua? 

Webgunea berriztearen arrazoi nagusiak teknikoak izan dira. Webgunearen motorra den softwarea zaharkituta zegoen eta ondorioz hainbat gauza aktualizatzeko orduan mugatuta zegoen webgunea, Alderdi denek egoki ikusita aurreko agintaldian egin zen enkargua eta orain jarri da abian. 

Badirudi zazpi bloke nagusi dituela; zein da bakoitzaren funtzioa? 

Webgunearen zerbitzuak lehengo berdinak izango dira. Egin diren aldaketak modu eraginkorragoan komunikatzeko eta webgunea erabilgarriago izateko egin dira. Horretarako webgunea garatzen duen enpresak egindako gomendioak jarraitu dira. 

Tramiteen atalean, adibidez, udaletxean egin daitezken tramite guztiak edo ia guztiak egin daitezke webgunetik bertatik?

Orain arteko tramite berdinak daude webgunea berrian. Nahiko osatuta dagoela iruditzen zaigu. 

Berritutakotik beste zerbait nabarmenduko zenuke?

Asko hobetu da webgunean mugikorretik nabigatzeko aukera.

Zeinek egin du webgunea?

CodeSyntaxek.

Bukatuta dago edo beste berritasunen/garapenen bat izango du aurrerago?

2024ko aurrekontuetan azalduko dugu zehatzago, baina bi apustu nagusi etorriko dira komunikaziotik. Herritarrei informazioa eta zuzeneko mezuak helarazteko mugikorretarako aplikazioa eta modu telematikoan herritarrak udaletxera kexa eta eskaerak bideratzeko zein erantzunak jasotzeko tresna. 
 
Zeinek kudeatuko du webgunea?

Orain arte moduan, udal teknikari eta politikariak izango dira webgunea elikatzeko arduradunak.