Barikuan, joan-etorri handia izan zen Itxaropena Erretiratuen Elkarteko areto nagusian Odol Emaile Elkartekoen deiaren harira.
Guztira, 45 odol poltsa eraman zituzten Soraluzetik, horietako hiru odol emaile berriak izan ziren eta gainera, odola eman nahi baina ezin izan zuten hainbat herritar ere joan ziren hitzordura. Izan ere, hainbat kasutan, ezin da odolik eman eta hala jakinarazten dute Odol Bankuko medikuek, adibidez, kirol intentsua egin berritan, katarroarekin, zenbait botika hartzen ibiliz gero…
Kontuak kontu, soraluzetarrek emandako odol poltsa kopurua “aspaldiko marka onenetarikoa” izan zela azpimarratu dute Odol Emaileen Elkartekoek eta gaineratu dute plazentziatarrek “erantzun bikaina” eman diotela urtarrileko deialdiari.
Poz horrekin, gogora ekarri dute hurrengo hitzordua martxoaren 22an izango dela eta atzera ere gonbidatu dituzte soraluzetarrak odola ematera joan daitezen, batik bat herriko gazteak.