36ko Gerra

Aranzadik uste du hiru plazentziatar daudela Zornotzako hobi komunean

Egoitz Unamuno 2024ko urt. 28a, 09:22

Aranzadik desobiratutako gorpuzkinak Zornotzako hilerrian. Argazkia: Nerea Villa.

Aranzadik 36ko Gerrako 54 gorpuzkin aurkitu ditu Amorebieta-Etxanoko hilerrian eta uste dutenez, gehienak gudari eta milizianoenak izan daitezke, haietako hiru plazentziatarrak: Juanito Azcarate, Serapio Placencia eta Ignacio Oregui. Gogora Institutuak dei egin die herritar haien ondorengoei eurekin harremanetan jarri eta DNA frogak egin ditzaten. 

Abenduan Aranzadi Zientzia Elkarteak gerran hilobiratutako 54 gorpuzkin aurkitu zituen Amorebieta-Etxanoko hilerrian, eta aztarnen arabera, 1937ko maiatzaren 16an Etxanoko batailan hil zituzten gudari eta milizianoenak dira, Odol Ospitaletik edo zuzenean gerra-fronteetatik eroan zituztenak. Gerraren presiopean, gorpuak azkar eta modu kolektiboan lurperatu behar izan zituzten.  

Gorpuzkinak hilerri barruko zelai batean desobiratu dituzte, garai hartatik ikutu barik egon den hilerriko eremuan. Ez da ohikoa, izan ere, beste herri batzuetan, esaterako, Hernanin edo Durangon, bertako hilerrietan zeuden hobi komunetan bilaketak egiten hasi direnean ez dute gorpuzkinen arrastorik topatu, urteetan zehar hilerrian egin diren lanen eraginez bertatik atera dituztelako. Alde horretatik, Zornotzako kasua berezia da, herritarrek gertaera haren memoria gorde zutelako eta horri esker gorpuzkin guztiak bertan mantendu direlako. Hain zuzen, herritarren testigantzei eta dokumentu historikoei esker jakin ahal izan zuten eremu horretan zeudela lurperatuta Bizkaiko erasoaldian, faxistek hil zituzten dozenaka pertsona. 

Aranzadiren esanetan, orain arte EAEn katalogatu den hobi komunik handiena da Zornotzakoa. Oraingoz, 26 gorpuzkin desobiratu dituzte baina uste dute askoz gehiago egon daitezkeela. Duen garrantzia ikusita, Pako Etxeberria forentseak proposatu du desobiratze lanekin jarraitzea eta Zornotzako Udalak jakinarazi du erraztasun guztiak eskainiko dituela, besteak beste, ehorztoki batzuk lekuz mugituz. 

Hiru plazentziatar

Intxorta 1937 Elkarteko Juan Ramon Garairen esanetan, 1937ko maiatzaren 16an, faxistek, egun bakarrean, Amuategi bataloiko 10 miliziano hil zituzten Etxanon eta aurretik, sei egun lehenago, beste 10 Euban, Larrañaga batailoikoak: "Gorriek gorriak pasatu zituzten inguru horretan" nabarmendu du Garaik. Izan ere, "alde ikaragarria" zegoen bi indar militarren artean; alemaniar hegazkinek bonbardatu eta ametralatu egin zituzten Errepublikaren aldekoak.  

Hain zuzen, Amuategi batailoiko milizianoak ziren Etxanon hil zituzten hiru plazentziatarrak: Juan Azcarate Treviño, Serapio Placencia Orbea, eta Ignazio Oregui Aramendi. Hala jaso zuen Luis Ariznabarreta ‘Espilla’ miliziano plazentziatarrak eskuz idatzitako zerrenda batean, oraintsu, bere alabak, Begoña Ariznabarreta ikerlariak ezagutzera eman duenez. Horregatik uste dute haiek ere hobi komun horretan daudela. Ariznabarretak laugarren plazentziatar bat ere aipatzen du bere zerrendan; X Legaristi. Jakin dutenez, hildakoa Justo Legaristi Vila zen, hura ere milizianoa baina hura beste leku eta egun batean hil zen, eta horregatik baztertu dute haren gorpua hobi horretan egotea.  

DNA frogak 

Azken urteotan 36ko Gerraren inguruko memoria historikoa lantzeko egindako lanei esker, oro har badakite inguru hartan hil zituzten pertsonak zein ziren. Gainera, atera dituzten gorpuzkinetako lautan gudarien identifikazio txapak topatu dituzte, nahiz eta zailtasunak izan zenbakiak irakurtzeko, egoera kaskarrean baitaude. Dena den, gorpuzkinak behar bezala identifikatu ahal izateko, ondorengoen laguntza eskatu dute, besteak beste, DNA bankuak eratu eta konparaketak egin ahal izateko. Horretarako, Gogora Institutuak dei egin die inguru hartan desagertu zirenen familiei, Institutuarekin harremanetan jar daitezen identifikazio prozesua abiatzeko (944032845 / gogora@euskadi.eus). Gogora Institutuko ordezkariek Pil-pileani jakinarazi dionez, orain arte, ez da plazentziatarren ondorengorik eurekin harremanetan jarri. Hori dela eta, dei egin diete pertsona horien ondorengo izan daitezkeenei pausoa eman eta eurekin harremanetan jar daitezen.