Ziripot, lamia, Zezengorri, Zaldiko, Mielotxin, Txatxoak, sorgina… Aratusteetako pertsonaia ezagunak oso modu deigarrian irudikatuta daude kultura gune inguruan, haien jatorriari buruzko azalpen eta guzti. Lantzeko, Iturengo, Altsasuko… pertsonaiak dira, Soraluzeko eskola umeen artean ezagunak asko, eskolan Euskal Aratusteen bueltan egiten duten lanketari esker.
Gaur goizean, martitzena, 5 urtekoak izan dira bisitan eta arreta handiz begiratu dituzte guztiak, kanpotik, barrutik, albotik… alde guztietatik. Horrekin batera, adi-adi begiratu dituzte pantailan proiektatu dituzten eskolako ikasleen iazko argazkiak.
SanjuanXahar elkartearen eskutik ekarri du erakusketa Soraluzeko Udalak eta kultur gunean egongo da ikusgai otsailaren 3ra arte. Ohikoa baino ordutegi zabalagoa izango du: 16:30etik 19:30era eta zapatuetan 12:00etatik 13:30era.