Eguaztenean, Plaentxi Eskolako zein Soraluze BHI Institutuko 50 guraso baino gehiago adi-adi entzuten zituela, pantailen eta haien atzetik dauden Internet, sare sozial eta bideo-jokoen gaineko mezu argia helarazi zuen Miren Ros bidelagunak eta gaian adituak: pantailak zenbat eta beranduago eta zenbat eta gutxiago, hobe.
Erabilera kontzientea eta ez automatikoa
Orokorrean, azpimarratu zuen ezinbestekoa dela pantailen eta bertako edukien erabilera kontzientea egitea, eta ez erabilera automatikoa, azken horrek baikaramatza erabilera okerra egitera. Haren esanetan, sare sozialen, bideo-jokoen eta abarren atzetik, aditu ugari dago lanean gu erakartzeko. Esplikatu zuenez, dopamina ematen digu sare sozialetan, pantailetan ibiltzeak, hainbat ikerketaren arabera, kokainak buruan egiten duen zirkuitu berbera egiten du pantaila baten erabilerak gure burmuinetan.
Horrez aparte, adierazi zuen gazteekin pedagogia egitea zein gazteei mugak ezartzea ezinbestekoa dela mundu horretan jarduteko eta helduok, berriz, berebiziko papera jokatzen dugula, gazteen eredu izanda, eurek errepikatu egiten baitute helduok egiten duguna.
Detox asteburuak
Hala, proposamen zehatzak egin zituen helduei begira, adibidez, asteburu detox-ak: jai denean, barikuan mugikorra itzali -edo datu gabe ipini- eta ez piztu domekara arte; seme-alabekin pantailarik gabeko jarduerak egin; zenbaitetan, mugikorrak nahita etxean laga; gurasook erabilera egokia egin; gaiari buruz hausnartu…
Umeei zein gazteei dagokienez, berriz, azpimarratu zuen haiek ez daudela biologikoki prest pantailek eskaintzen duten guztia ondo kudeatzeko, garuna ez dagoela prest. Da Ferrari bat ematea gidabaimena atera berri duen bati, jarri zuen adibide modura.
Ez dute behar
Uste du, gutxienez 16 urteak bete edo pasa arte ez litzaiekeela mugikorrik (smartphonerik) eman behar -Ros bera Guk aukera guk 16 izeneko mugimenduko kide da-. Are gehiago, adierazi zuen umeek eta gazteek ez dutela halakorik behar, gazteek mugikorra behar dutela sentitzea inguruak -lagun guztiek dutelako…- edo haien gurasoen beharrek sortzen dutela -norbera trankil egoteko, umea kontrolatzeko…-.
Adibide zehatzak jarrita, pantailen larregiko erabilerak dakar umeen arreta jaistea, irudimena galtzea, besteekiko enpatia galtzea, hizkuntza pobretzea, besteekiko harremanak izatea zailtzea, elkarrekin ez jolastea, sedentarismoa…
"Sare sozialak ez dira umeendako"
Sare sozialekin lotuta, berriz, oro har, esan zuen ez direla umeendako. Besteak beste, gogora ekarri zuen guztiek dutela gutxieneko erabilera adina. Adibidez, Whatsappa ezin da 16 urtera arte erabili, Youtube, 14 urtera arte…Baina, gurasoen laguntzarekin edo gabe, tranpeatu eta umeei-gazteei haien erabilera ahalbidetu egiten zaie.
Eta gauza bera bideo-jokoekin. Fortnite ezagunari buruz, adibidez, esplikatu zuen joko horren oinarria dela jendea hiltzea, baina jokoan ez denez odolik ikusten, 12-13 urtetik aurrerakoendako dela; aldiz, odola ikusiko balitz, 18 urtetik gorakoendako izango litzateke, jokoak dituen ezaugarri bortitzengatik. Zentzu horretan, bideo-jokoen %80a bortitza dela jakinarazi zuen.
Sare sozialekin segituz, gogora ekarri zuen ez dela legezkoa adin txikikoen irudiak partekatzea, baina ia guztiok egiten edo egin izan dugula hori. Ildo horretan, umeek parte hartzen duten ekitaldietan gurasoek bideo eta argazki gutxiago atera beharko lituzketela aditzera eman zuen.
Ziberbullynga, pornografia…
Arriskuekin segituz, gaur egun, Inteligentzia Artifiziala tarteko, min handia eragin daitekeela eta eragin izan dela ohartarazi zuen Miren Rosek. Ziberbullynga geroago eta handiagoa dela ere ohartarazi zuen. Eta zeresanik ez pornografiarako dagoen sarbide erraza eta Interneten dagoen pornografiak zelako mezuak transmititzen dituen, gero gazte askok erreproduzitu egingo dituztenak.
Bibliografia apur bat
Hitzaldia bukatzeko, besteak beste, Jaso Burua Soraluze ekimeneko talde eragilean parte hartzeko gonbita egin zien bertaratutakoei, bide hori lantzearen garrantzia azpimarratuz. Eta bibliografia ere eman zuen, informazio gehiago nahi duenarentzat: El dilema de las redes sociales, Educar en la realidad, Izarkom: helduentzako gida, Ikusezin, Nerabeen garrasia, Minimalismo digital eta La fábrica de cretinos digitales, besteak beste.