Ur-sareak berritzeko obrak amaitzen

Ubane Madera Zangitu 2024ko urt. 18a, 16:28

Zeletako obrak, atzo, eguaztena.

Herriko ur-hornidura eta saneamendu sareak berritzeko proiektuaren baitan, Gipuzkoako Urak Kontsorzioak Soraluzen egiten ari den obren azkeneko zatia bukatzen ari dira, Zeletakoa. Construcciones Alzola enpresa ari da obrak egiten eta esandakoaren arabera, hiruzpalau aste barru bukatuko dituzte. Obrak egiten ibili arren, auzoan pasoa libre dago.

Construcciones Alzola enpresako obra-buruak esplikatutakoaren arabera, irailean hasi zituzten herriko hiru puntutan euri-urak eta ur-fekalak banantzeko obrak zein euri urak bideratzekoak.

Baltegieta, Mendiola eta Zeleta

Lehenengo, Baltegietan egin zituzten, SAPA lantegiaren kanpoko aldean; gero Mendiola industrialdean bideratu zituzten urak, Belaitzetik ezkerrerako zatian eta mezkita inguruan eta orain Zeletan ari dira lanean.

Azken horren kasuan, hiruzpalau aste barru bukatuko dituzte lanak; esandakoaren arabera, inguruko aparkalekuetan eragina dute obrek, baina osterantzean, zirkulazio etete puntualak izan ezik, pasoa libre dago. Zeletako lanak amaitzean, irailean hasitako obrak amaitutzat emango dituzte. Guztira, 226.000 euroko aurrekontua dute lanek.