Bihar goizean bukatuko dituzte Santa Anako aldapako lanak eta Zeletan hasiko dira

Ubane Madera Zangitu 2024ko urt. 15a, 16:58

Gaur, astelehena, goizean hasi dituzte Leteneko aldapa asfaltatzeko lanak eta Firmes Alaveses enpresatik esandakoaren arabera, bihar goizean bertan bukatuko dituzte. Aldi berean, bihar hasi eta bukatuko dituzte Zeletako lanak eta eguaztenean, berriz, Gipuzkoa etorbidean eta Atxurin jardungo dute. Zeletaren eta Gipuzkoa etorbidearen kasuan, lanak egiten ibili arren, eguerdi partean errepidea zabaldu egingo dute, bizilagunei pasoa lagatzeko.

Obrak hasteaz bat hasi den euriak ez du eragozpenik eragin Leteneko eta Santa Anako aldapan egiten ari diren asfaltatze-lanei. Aldaparen alde biak ari dira asfaltatzen gaur goizetik, Leteneko aldetik zein Santa Anako aldetik. Lanon ondorioz, Olatik ezin da herri barrura sartu eta Santa Ana kaleak zirkulazioa bikoitza izango du aldapa zabaldu bitartean.

Firmes Alaveses enpresa ari da lanok egiten eta bertatik esandakoaren arabera, bihar goizean bertan bukatuko dituzte Santa Ana-Lete aldapako lanak eta aldi berean, Zeletan hasiko dira.

Eguerdian zabalduko dute

Horren ondorioz, bihar, martitzena, 09:00etan itxi egingo dute Zeletako pasoa zirkulaziorako, baina 13:30etik 15:00ak bitartean, atzera ere zabaldu egingo dute, inguruko bizilagunek (auzokoei zein baserrietakoak) bertatik pasatzeko aukera izan dezaten. Ondoren, asmoa da 15:00etatik 18:00etara berriro ixtea pasabidea, lanak egiten segitzeko.

Zeletako kasuan, enpresaren aurreikuspena da  lanak bihar hasi eta bihar bertan bukatzea; gero, eguaztenean, Gipuzkoa etorbidean zein Atxuriko bidegurutzean jardungo dute. Gipuzkoa etorbidearen kasuan, han aurreikuspena da goizean bukatzea lanak eta arratsaldean, berriz, Atxurin hasi eta bukatzea. 

Soraluzeko Udalak jakinarazitakoaren arabera, guztira, 54.659,73 euroko aurrekontua dute lanek.