Atzo, gaur, datorren astean… protestak egiten eta deitzen segituko du Geroak Kaltetuko Plataformak. Bertatik jakinarazitakoaren arabera, datorren asteko eguenean, urtarrilaren 18an, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiarekin dute batzarra eta hortik “zerbait ona” irteten ez bada, jarrera gogortu egingo dutela ohartarazi dute.
Izan ere, plataformatik gogora ekarri dute dagoeneko bost urtean ari direla euren kapitala nahi duten moduan jasotzeko eskubidea erreklamatzen, eta, denbora pasa ahala eta erantzunik batere iristen ez zaiela ikusita, “jendea berotzen” ari dela esan dute.
“Burla egiten ari dira, barre egiten ari dira. Nola daiteke erretiratu batzuk horrela tratatzea, ezer ere esan gabe, dena atzeratzen… zelan da posible bost urtean horrela egotea? Denak daude gure aurka, gobernua, patronalak, sindikatuak… hori ez da inoiz gertatzen. Zergatik? Azken batean, gure dirua da”.