Atzo, astelehena, arnas-birusak (gripeak eta COVIDak) Estatuko erkidego guztietan izaten ari diren gorakadari zelan aurre egin lantzeko batzar telematikoa izan zuten Espainiako Osasun Ministerioako eta Estatuko erkidegoko ordezkariek. Batzarra adostasun barik amaitu zen, baina hala ere, Osasun Ministerioko ordezkariek iragarri zuten bihartik aurrera, erkidego guztietako osasun zentroetan musukoa erabiltzea derrigortzen duen proposamenari eutsi egiten diotela.
EAEko Osasun Sailak eta Osakidetzak, berriz, musukoaren erabileraren derrigortasuna ezartzea ez dute apropos ikusten eta horren aurrean, maskara erabiltzearen gomendioari eusten diote arnas-sintomak daudenean. Era berean, kutsatzeko arriskuaren aurrean, leku jendetsuetan distantzia fisikoa mantentzea, eskuen higienea indartzea, ahoa eta sudurra estaltzea eztul egitean eta doministiku egitean, eta espazioak aireztatzea iradokitzen da.
Soraluzen kasu ugari
Soraluzeko egoerari dagokionez, anbulatoriotik esan dute A eta B gripe eta COVID kasu ugari daudela baina “okerrena da jendeak ez duela probarik egiten eta ezta musukorik janzten ere; zorionez, beti daude hainbat lagun egoera ulertu eta musukoa jantzita datozenak. Guk janztea gomendatzen dugu. Sarri jendea eztulka dabil itxaroten dagoen bitartean”. Mesedeetako egoitzan, adibidez, A gripe kasuak izan berri dituzte eta, harrezkero, musukoa erabiltzea gomendatu egiten dute.