Elkarrizketa

Francis Larrañaga: "Nire asmoa da lau auzoetako baserrien historia lanak argitaratzea"

Egoitz Unamuno 2024ko urt. 7a, 09:34

Francis Larrañaga.

Azken hamar urteotan, sortzez plazentziatarra den gizon honek buru-belarri dihardu herriko baserrien gaineko historia jasotzen. Bere asmoa da auzo bakoitzeko baserrien historiarekin liburu bana osatu eta argitaratzea, duela urte batzuk Bergarako baserriekin egin zuen moduan. Francis Larrañaga du izena eta baserrien historia biltzaile nekaezina da. 

Nor da Francis?

Ni naiz Francis Larrañaga Guridi. Plazentzian jaio nintzen 1949an, Plaza Zaharrean, Arregia Suso esaten zitzaion etxe zaharrean (gaur egun Kutxabank dagoen lekuan zegoen) eta bertan bizi izan nintzen hamalau urte bete nituenera arte. Gero ikasketak egin nituen Armeria Eskolan eta beka bat eskuratu nuen Cordobako unibertsitate laboralean ikasteko. Ikasketak amaituta, Eibarko enpresa batean hasi nintzen lanean eta gero Laboralean eta, ondoren, industria arloko beste hainbat enpresatan lan egin nuen. Bergarara ezkondu nintzen eta gaur egun ere bertan bizi naiz. Ez naiz izan ni geldi egotekoa. Gaztetan, Erregetxeko ‘dibujo eskola’ famatuko irakasle izan nintzen Alberto Garitanorekin batera eta Los Mansos taldearen sorrreran ere parte hartu nuen...

Nolatan ekin zenion baserrien historia ikertzeari?

Aitita-amamak ez nituen ezagutu eta aita ere artean mutikoa nintzela hil zen. Hain zuzen, nire aurrekoak nor ziren, nola bizi ziren eta zein arazo zituzten jakin nahi izatetik erne zitzaidan historiarekiko afizioa. Gainera, Ramiro Larrañaga historialaria senide nuen eta berak kontatu zizkidan kontu guztiek ere lagundu zioten nire gogoari hazten. Nik Soraluzeko baserririk gehienak ezagutzen ditut. Gaztetxotan monagiloa izan nintzen eta abadeekin batera herriko ia baserri guztietan egona naiz. Hori ere bada beste motibazio gehigarri bat niretzat: garai hartako oroitzapenak berritzea.

2005ean, osasun arazo larri bat izan nuen eta lanerako ezintasun iraunkorra eman zidaten. Orduan ekin nion buru-belarri ikerketa lanari. Amona Bergarako Basalgo baserrikoa nuen eta haren aurrekoen arrastoari segika, lan eremu handi bat deskubritu nuen: baserrien eta bertako bizilagunen historia. 

Gero, hainbat pertsonak kontsultak egin zizkidaten eta hasi nintzen senitarteko eta lagunendako lantxo batzuk egiten. Kide egin nintzen Antzinako elkartean -euskal genealogia ikertzen duen taldea- eta harrezkero, lau liburu argitaratu ditut neure kasa: hiru ‘Bergarako abizenak, leinuak eta oinetxeak’ seriearen barruan -148 baserriren inguruko informazioarekin- eta beste bat Bergarako erroten gainekoa. 

Zer jasotzen duzu historia lan horietan?

Baserri bakoitzaren historia, eraiki zutenetik 1950era artekoa. Horretarako, batetik, ateratzen dut informazioa artxiboetatik eta, bestetik, baserrian bizi direnengandik. Artxiboetako lehen dokumentuak duela 500 urte ingurukoak dira: ezkontza kontratuak, testamentuak, pleituak, salerosketak, etab. Eskuizkribu horien bidez jakin daiteke pertsona bat nondik etorri zen, norekin ezkondu zen, zer nolako jabetzak zituen, zein ohitura… Ondoren, informazio hori kontrastatzen dut baserrietako bizilagunekin eta batzuetan osatzen dut baserrian ateratzen ditudan argazkiekin edo lagatzen dizkidaten argazki zaharrekin. Ikerketa etnografikoa da. Azken batean, nik jasotzen dudana baserrien eta bertako bizilagunen historia da, pretentsio handirik gabea. Nire nahia da lekukotasun bat lagatzea, noizbait norbaitek abizenarengatik edo bertan bizi izan delako iragana kontsultatu nahi badu, eskura izan dezan. Batzuentzat baserrien eta baserritarren historia txikia izango da, niretzat, handia da.

Eta, orain, Soraluzekoei heldu diezu.

Bai, azken hamar urteotan dihardut lau auzoetako baserrien gaineko historia aztertzen eta dagoeneko, artxiboko informazioa jasota daukat eta baserri askotan izan naiz bisitan. San Andres auzoko baserrien ingurukoa da aurreratuen daukadana, argitaratzeko neurri egokia duelako. Dena den, nire asmoa da lau auzoetako baserrietako historia lanak osatzea eta argitaratzea, liburu bat auzo bakoitzeko edo, agian, kasuren batean, bi auzo liburu batean, bolumenaren arabera. 

San Andres auzoko baserrietan zer nabarmenduko zenuke?

Nik dakidala San Andresen baserri bakar bat dago gaur egunera arte jatorrizko abizenarekin lotura mantendu duena, 500 urtetan zehar, belaunaldiz belaunaldi: Arizaga. Topatu ditut kontu kurioso gehiago ere, esaterako, 1580an, Izurri beltza zela eta, Izagirre baserrian familiako kide denak hil ziren, mutil gazte bat izan ezik. Halako detaile asko daude. 1850ean, maiorazgoa ezabatu egin zuten legez eta orduan bereizi ziren lurrak eta etxeak, baina ordura arte, ondorengorik ez zuten kasuetan, baserri asko fundazio erlijiosoen jabetzara pasatzen ziren eta haiek gero errentan jartzen zituzten. Auzoan badira horietako lauzpabost adibide: Iriarte, Itsasoi, Ipiñarrieta...  

Noiz argitaratuko duzu San Andresko baserrien liburua?

Nire asmoa da San Andreskoa datorren urtean (2024an) argitaratzea eta gainerakoak, nahi nuke urtean bat ateratzea. Aurretik, baina, lan handia daukat: falta zaizkidan baserrietako bizilagunekin egon, informazioa ordenatu, maketatu, finantziazioa bilatu inprentako gastuak ordaintzeko… Osasuna lagun, bi urtetan denak kaleratuko ditut.