Urtarrilaren 5ean, barikuan, Soraluzera helduko dira Errege Magoak eta herria zeharkatuko dute zaldi gainean, opariak eta gozokiak banatuz.
Jarraian, erregeei behar bezalako harrera egiteko Beti Prest Aisialdi Elkarteak programatu duen ibilbidea:
Egoitzako bizilagunei bisita
Mesedeetako egoitzan egingo dute lehenengo geldiunea hiru erregeek; bertako egoiliarrekin egon, argazkiak atera eta opariak banatzeko asmotan.
Erregeen kabalgata
Egoitzatik Atxuriko iturrira jaitsi eta zaldiak izango dituzte bertan, desfilea hasteko zain. 19:00etan abiatuko dira eta herria zeharkatuko dute, bizilagunak agurtzen eta haurrei gozokiak botatzen.
Ibilbidea honakoa izango da:
- Atxuriko iturria (abiapuntua)
- Zubi Nagusia
- Plaza Berria
- Plaza Zaharra
- Ezozibidea
- Eliz-ataria
Ezozibidera ailegatzean, bertako biribilgunean buelta hartu eta toki beretik egingo dute eliz-atarirako bidea.
Gutun bilketa
Eliz-atarian amaituko dute ibilbidea. Zaldi gainetik jaitsi eta umeekin banan-banan egoteko tartea hartuko dute; euren eskaerak entzunaz eta gutunak jasoaz, oparitxoak emanez bueltan.